Katalunia. Puigdemont Danimarkan

Puigdemonten euroagindua baztertu du Gorenak, fiskaltzari muzin eginez

Llarenak dio Danimarkara joan izana «probokazioa» izan dela. Europa salatu du Puigdemontek

Ikusmin handia piztu zuen atzo Puigdemontek Kopenhageko Unibertsitatean eman zuen hitzaldiak. RICARDO RAMIREZ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek Kopenhagen hitzaldia hasteko zuela etorri zen albistea. Espainiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko euroagindua baztertu zuen, fiskaltzak aurretik egindako eskaera arbuiatuz. Pablo Llarena epaileak helarazitako autoan zehazten da eskaera «arrazoizkoa» dela, baina «une honetan» eskaerari muzin egiteko «ñabardurak» daudela. Puigdemont atzerrian atxilotzea «probokatzen» ari dela dio ebazpenak, hala, inbestidura saiora joan gabe ere presidente gisa izendatu dezaten. Llarenak, beraz, zirrikitu legal bat bilatu nahi izatea leporatu dio Puigdemonti, «harrokeriaz» jokatu duela iritzita. Beste arrazoi bat ere eman du epaileak, egokiagoa dela horrelako agindu bat behin ikerketa amaituta dagoenean igortzea, «horren urrun ez dagoen momentu batean».

Azken hori presidentegaia atxilotzeko azaroaren 3an egindako euroagindua bertan behera uzteko erabilitako arrazoi bera da. Puigdemonti leporatutako delituak —matxinada, sedizioa eta kargu publikoen erabilera okerra— ikertzeko prozesuan ez duela eragin nahi adierazi zuen epaileak abenduan. Auzitegi Nazionalak Puigdemont Belgikan atxilotzeko agindua eman zuen orduan, Carmen Lamela magistratuaren eskutik.

Puigdemont urriaren 30etik dago Bruselan. Kataluniako independentzia aldarrikapena egin eta hiru egunera joan zen Belgikara. Espainiako Auzitegi Nazionalak Generalitatearen kontra hartutako neurriak hartu zituenean joan zen hara, eta han jarraitzen dute, kartzela diplomatiko batean, berak eta beste lau kontseilarik. Haien kontrako ikerketa aurrera darama Espainiako Auzitegi Gorenak, eta indarrean dago Puigdemont Kataluniara itzultzen bada hura atxilotzeko agindua.

Danimarkaren abaroan

Puigdemont goizaldean iritsi zen Danimarkara, justu Generalitateko presidente izateko hautagaitza ofizial egin zen egunean. Katalunia eta Europa, demokraziarako bidegurutzean? izeneko hitzaldiak ikusmin handia piztu zuen Konpenhageko Unibertsitatean. Txaloka hartu zuten irakasleek eta ikasleek. Manex Agirrezabal graduondo bat egiten ari da han, eta egunkari honi azaldu zion aretoa lepo zegoela: «Jende asko kalean geratu gara, hitzaldia streaming bidez ikusi dugu kafetegian, haren diskurtsoa oso interesgarria izan da, segurtasunez eta lasaitasunez mintzatu da, eta, bukaeran, eskaileretan, 'president, president' oihukatu diote. Giroa goxoa zen».

Madrilen jokaera izan zen ingeles hutsez egindako diskurtsoaren ardatza. Francoren itzala oraindik jarraitzen duela eta katalanak «terroristak» balira bezala tratatuak izan direla salatu ostean, 155. artikulua «salbuespen estatu baten de facto-ko eufemismoa» dela adierazi zuen Puigdemontek. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari katalanen «oinarrizko eskubideak urratzea» leporatu zion.

Abenduaren 21eko bozak ere izan zituen hizpide, egun horretan katalanek munduari mezu bat helarazi ziotela esanez: «Ez dugula totalitarismoaren aurrean amore emango». Jarduneko presidenteak uste du Madrilek indar independentisten garaipena onartu beharko lukeela, eta, hori egin beharrean, haren erantzuna «larderia, boikota, erasoa, kartzela eta erbestea» izan direla: «Madrilek Katalunian ezarritako gobernu bidegabea amaitu beharra dago». Puigdemonten hitzetan, «negoziatzeko» garaia da orain, «errepresioa amaitzeko eta irtenbide politikoa eta ez judiziala bilatzeko».

Europako bihotzeko hiriburutik iparraldera jo izana ez da bat-batean hartutako erabakia izan Puigdemontentzat. Danimarkako Parlamentua izan zen aurrenekoa, 2015eko maiatzean, erabakitzeko eskubidearen eta elkarrizketaren alde adierazpen bat onartzen. Gobernua zentroezkerraren esku zegoen orduan, eta zortzi alderdietatik seik babestu zuten ebazpena. Egoera, baina, zeharo aldatu da orain, eskuina gutxiengoan ari baita koalizioan gobernatzen, tartean testua onartu zuen Aliantza Liberalarekin.

Eta Puigdemont, hain zuzen, eskuinera egin duten estatu kideei mintzatu zitzaien. «Zuzenbide estatuak Espainian egiten dituen urraketek Poloniakoak gogorarazten dituzte, baina EBk ezikusiarena egiten du». Demokrazia Europa osoan arriskuan dagoen ideia dela ohartarazi zuen ere, «ez soilik nire herrialdean». Madrilen «errepresioa» babestu izana egotzi zion Europari: «EBk Rajoyri emandako babesa harrigarria da. Indarraren erabilera eta erakunde demokratikoen kontrako mehatxu judiziala zilegi egin ditu». Galdera bat ere bota zuen: «Zer autoritate moral geratzen zaio Europari giza eskubideak defendatzeko, estatu autoritarioekin elkartzen bada?».

Danimarkarekiko, hala ere, hitz politak gorde zituen. Artur Masi parafrasia eginez —Katalunia Mediterraneoko Danimarka gisa irudikatu zuen hark—, Kataluniak «hegoaldeko Danimarka» izan nahi duela adierazi zuen atzo Puigdemontek. Kopenhageko enbaxada abuztuan zabaldu zuen buruzagi independentistak, eta gaur legebiltzarreko diputatuekin biltzekoa da. Litekeena da apirilaren 25ean herrialdean egingo duten erreferendumaz ere mintzatzea; konstituzioak autodeterminazio eskubidea jaso dezan bozkatuko dute egun horretan. Faroe uharteetan independentzia dago jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.