Puigdemonti, Ponsatiri eta Comini behin-behinean itzuli diete immunitatea

Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak onartu egin ditu kautelazko neurriak ezartzeko hiru eurodiputatu katalan independentisten eskariak

Puigdemont, Comin eta Ponsati, iragan martxoan. STEPHANIE LECOCQ/ EFE.
Erredakzioa
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek, Toni Cominek eta Clara Ponsatik behin-behinean berreskuratu dute immunitatea. EB Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak Europako Justizia Auzitegiaren parte da kautelazko neurriak ezartzea erabaki du, hiru eurodiputatu katalan independentisten eskariari baiezkoa emanda, eta, hortaz, Estrasburgora (Alsazia) joan ahalko dira datorren astelehenean, Europako Parlamentuan egitekoak diren saioan parte hartzera. Ez hori bakarrik: behin betiko erabakia hartu bitartean, EBko estatu kideetara ere joan ahalko dira, atxilotzeko arriskurik gabe.

Iragan martxoan, Pablo Llarena Espainiako Goreneko epaileak eskatuta, Europako Parlamentua Junts per Catalunyaren hiru eurodiputatuen suplikatorioaren alde agertu zen, eta, hortaz, ganberak immunitatea kendu zien Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri; karguan jarraitu ahal izan duten arren, erabakiak Espainiari bide eman zion haien kontrako euroaginduak berriz aktibatzeko. Bozketan, aldeko 400 boto, aurkako 248 eta 45 abstentzio izan ziren.

Hirurek aurkezturiko helegitean, politikari katalanek argudiatu dute Europako Parlamentuaren erabakiak ez diela «bermatu batasuneko herritarren ordezkari gisa dituzten oinarrizko eskubideak erabiltzea», eta EBko Auzitegi Orokorreko presidenteordeak hori kontuan hartu du immunitatea behin-behinean itzultzeko erabakia hartzerakoan, atzo jakinarazi zuenez: «Frantziara joango balira, atxilotuak izateko arriskua izango lukete».

Hortaz, statu quo-a mantentzea lehenetsi du bi aldeen alegazioak «zehatz» aztertzen dituen arte, eta, beraz, behin betiko erabakiaren berri ematen duen arte.

Eurodiputatu katalanek pozez hartu dute EBko Auzitegi Orokorraren erabakia. Puigdemontek Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean adierazi du ez dutela «amore emango», eta Cominek esan du haien aldeko neurria «beste garaipen» bat dela: «Ez da azkena izango». Pere Aragones Kataluniako presidentearentzat, berriz, «albiste pozgarria» izan da Luxenburgotik eman dutena.

Egun berean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zuen Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohi Jordi Sanchezek jarritako helegitearen kontra agertu dela; horiek aurkeztu eta bi urtera eman du erabakiaren berri.

Hortaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen horrek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera emango die orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.