Jordi Pujol Generalitateko presidente izandakoa ere kezkatuta dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutu berriaz har dezakeen kontrako erabakiaz, eta "Kataluniaren eta Espainiaren artean zerbait izorratu" dela uste du. Hori dela-eta, "jende askok eskubide morala du Kataluniaren independentzia planteatzeko", esan du Catalunya Radion gaur. Pujol 1980tik 2003ra arte izan zen Generalitateko burua, CiUko koalizio abertzaleko kide gisa.
Kataluniako Parlamentuak, Espainiako Kongresuak eta Kataluniako herritarrek -horiek erreferendumean- Estatutu berriari baiezkoa eman ondoren, 2006ko uztailean PPk helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta honek oraindik ez du atera ebazpena. Bi dira, batik bat, Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo ditzakeeen artikuluak: Kataluniaren nazio izaera aipatzen duena eta katalana ezagutzea beharrezko jotzen duena.
"Zerbait egin beharko da", dio Pujolek, "baina ez manifestazio sinple edo ohiko horietako bat".
Aurreko hilabeteetako ekimenari jarraipena emanez, igande honetan Kataluniako berrehun udalerritan independentziari buruzko kontsulta egingo dute. Begirale moduan izango dira ezker abertzaleko eta EAko ordezkaritza bana. Aralar ere han da, ERCk gonbidatuta.
kataluNIA
Pujol: "Jendeak eskubide morala du Kataluniaren independentzia planteatzeko"
Generalitateko presidente ohia kezkatuta dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutu berriaz atera dezakeen ebazpenarekin. "Zerbait egin beharko da, baina ez manifestazio sinple edo ohiko horietako bat". Domekan beste 200 udalerritan egingo dute independentziari buruzko kontsulta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu