Ramon Tremosa. ALDE taldeko CiUko europarlamentaria

«Pujol onenak ez zuena dauka Masek: immigrante espainiarren botoa»

Sortzen ari den independentzia giroarentzat kontzertu ekonomikoaren aldeko borroka erbia izango dela uste du politikariak; hori izango da, haren hitzetan, borroka nagusietako bat.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ramon Tremosa i Balcells (Bartzelona, 1965) pozik dago «hiruko gobernuaren garai iluna» amaitu delako. Europako Legebiltzarrean du hark borroka; ALDEn, hain zuzen, besteak beste EAJrekin osatua duen koalizioan. Ekonomialari eta independentista ikuspuntua jartzen saiatzen da han, «Kataluniako izaera nabarmentzen», baita «Espainiaren hertsitasuna agerian uzten» ere.

Denontzat gobernatu nahi duela esan du Artur Masek; atzean utzi giro asaldatua. Horretarako egoera aproposa al da oraingoa?

Artur Masek hiruko gobernuak izan ez duen soiltasuna emango dio Kataluniari, aspaldiko partez. Lasai, patxadaz, jakituriaz eta esperientziak eman dion umiltasunez.

Oposizioa ongi etorri zaio.

Primeran. Asko zaildu du. Berezko etika pertsonala dauka, oso landua. Zazpi urtean Jordi Pujolek 60ko hamarkadan egin zuena egin du, atez ate, herriz herri aritu da, eta horri zor dio izan duen garaipena, Pujol onenak ez zuena dauka: immigrante espainiarren botoa. Haiek bizi diren guneetan irabazi du, gure mezuari eman diote botoa.

Masek 2012an kontzertu ekonomikoaren aldeko borroka agindu du, Espainiako bozen ondoren, baina PPk eta PSOEk esan dute ez dutela onartuko. Zer egingo duzue?

Erraldoienak ere erori egiten dira. PPko eta PSCko jende askorentzat Katalunia ez da nazio bat, eta ezezkoa bozkatuko lukete erreferendum batean, baina pentsatzen dute zergak Katalunian bildu behar direla. Espainiako Konstituzioan ez dago artikulurik debekatzen duenik denentzat baliogarria eta eraginkorra izan daitekeen sistema bat. Espainia ez da iristen herri aurreratu eta federalen mailara. Eztabaida politikoa hortik joatea albistea izango litzateke.

Masek orain ukatu egiten du, bainabeste egoera batean, PPrekin negoziatzeko prest zeundekete Espainian kontzertuaren truke?

Ez dakit. Esaten da indarkeriaren amaiera PPren eskutik etorriko dela; baita kontzertu ekonomiko hipotetiko bat ere Kataluniarentzat. Ez dakit helburua betetzeko deabruarekin egin beharko den ituna, baina harrigarriena da Masek ezeztatu behar izatea PPrekin akordio posible bat. Kontzertu ekonomikoaren behar handia dago, ez da apeta bat, baliabide nahikoa emango duen eredu baten beharra dute Kataluniako enpresek. Hala ere, prozesua azkar doa. Uste nuen hau ez zela 2030 arte lortuko, baina esanguratsua da El País egunkariak berak argitaratzea kataluniarren %80 kontzertuaren alde dagoela.

Eta %40 independentziaren alde.

Bai, baina ez hori bakarrik, kopuru hori handiagoa izan daiteke, eta kontzertua, independentziaren erbia. Estatutuarekin gertatu denak independentziaren kontzientzia orokortu du. Pujolek surfean igaro zuen, baina orain ez gaude 90eko hamarkadan bezala.

Pujol bitan aipatu duzula, Oriol semea lekua hartzen ari da gobernuan.

Oriol Pujol mintzalari bikaina da, politikari izugarria ezer baino lehen. Legebiltzarrean entzun besterik ez dago; independentista ere bada. Etorkizun polita izan dezake, baina beste batzuk dauzka hor aurrean, ondoan, horiek ere onak. Belaunaldi baten erreferentea da, erabakitzeko eskubideari buruzko erreferendumak bideratu dituzte, eta inplikatu diren lekuetan ikusi da eragina, parte-hartzerik handiena.

Anbiguoak zarete alde horretatik, bai eta ez komeni denean.

Boto-emailea anbiguoa delako, baina CiUko militantea independentziaren aldekoa da, eta hor paradigma aldaketa izugarria egon da. Egia da gobernatzen duenak jende guztiarengan pentsatu behar duela, eta egia da ere alderdia boto-emaileak baino independentziaren aldekoagoa dela, baina bilakaera dago. Duela bost edo hamar urte pentsaezinak zirenak gaur egun eguneroko ogia dira.

2006an Estatutua onartu eta egin duen atzerabideak zerikusirik badu horretan?

Jakina. 2006an, Pascual Maragallek esan zuen: 'Biktimismo kataluniarraren amaiera dekretatzen dut', eta cava kopa bat edan zuen. Agian arrazoi zeukala pentsatu nuen, eta aurrerago egiteko gehiago itxaron beharko genuela. Rubalcabak ere esan zuen: 'Orain itxi dugu Kataluniako karpeta, betiko ez bada, bai hogei urterako', eta begira non gauden. Ikusi dugu Auzitegi Konstituzionalak estatutuarekin egin duena, eta kanpainan ez garela independentistak leporatu digute batzuek; beste batzuek, Montillak bezala, herritik maleta batekin etorri zela irudikatu du, eta haiek kontra egingo dugula.

PSC jokoz kanpo geratu da, Estatutuagatik, edo zergatik?

Azkenean, Madrilen menpe daudelako. Interesgarriena da Espainiako emigrazioaren seme-alabek ere ez dutela ulertu PSCren bidea, batez ere Estatutuarekin. PSC zuri-beltzezko iragarkiekin etorri da, garai bateko ikusmoldearekin, eta integratu denarentzat oso zaharkitua dago hori. Madril izan da banaketa bideratu duena, batasunean horrenbeste tematuta.

Kataluniak, Euskal Herriak bezala, zaila dauka Espainian. Europak ere gaur-gaurkoz ez dirudi marko egokia. Nola ekin Europan?

Europa estatuen batasuna da. Herri gisa atea ixten digu, baina de facto ofizialki egiten ez dena onartzen da, herri gisara gero eta gehiago. Bide hori jorratu behar dugu uzten ez diguten bitartean. Horrez gain, Europako Batasuna ere kontzertu ekonomikoaren alde borrokatzen da, berezko zergak nahi ditu, estatuen menpe egon gabe. Europa dago goitik borrokan estatu nazioak husteko; guk behetik egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.