"Alderdiaren presio eta manipulazioak" erantzute aldera, Kataluniako Parlamentuan azalpenak ematea erabaki du Jordi Pujolek. Uztailaren amaieran onartu zuen gobernuburu ohiak urteetan ukatutakoa, alegia, 34 urtez legez kanpo atzerrian ezkutatu zuela dirua. Diru hori zenbat den, ordea, ez du argitu Pujolek.
Albisteak krisi politikoa eragin zuen Katalunian, eta CiUk ez beste alderdi politiko guztiek azalpen gehiago eskatu zizkioten buruzagi ohiari, eta, bide batez, zer gertatu den ikertzeko ere eskatu zuten. CiUk, berriz, ez zuen bat egin eskaerarekin, nahiz eta oztoporik ez zion jarri. Orain, azalpenak ematea onartuz, "gardentasuna" erakutsi nahi du Pujolek.