Kataluniako erreferenduma

PuntCat-en bulegoetan da Guardia Zibila

Fundazioko teknikari bat atxilotu dute. Erakundearen abokatuak BERRIAri azaldu dionez, ez diete miaketen inguruko azalpenik eman, ikerketa sekretupean dagoela argudiatuta.

2017ko irailaren 20a
07:31
Entzun

Goizean goiz joan dira informatikariaren bila bere etxera, eta handik Bartzelonara, PunCaten bulegoetara eraman dute, atxilo. Desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diote. "Zentzugabea da hau guztia. Erakunde pribatua da gurea", salatu du Nacho Amados abokatuak. 

Ez da lehen aldia Guardia Zibila erakundearen bulegoetara sartzen dela. Pasa den ostiralean ere bertan izan ziren, eta teknikari honi berari eskatu zioten referendum.cat webgunea itxi eta emateko hura erregistratu zuenari buruzko informazioa. Teknikariak aginduak bete zituen. Baina horretaz gain, erreferendumarekin zerikusia zuten atari guztiak ixteko ere eskatu zion Guardia Zibilak. Hori, ordea, ezinezkoa zela azaldu behar izan zien teknikariak. "Halakorik ezin genuela egin esan zien, ez bakarrik gure esku ez zegoelako, baita zentsuratzea eskatzen ari zitzaizkigulako ere", azaldu dio BERRIAri abokatuak.

Lerro hauek idazteko unean Guardia Zibilak erakundearen bulegoetan jarraitzen du. Atxilotuaz gain, bertan dira PuntCateko zuzendaria eta presidentea, eta baita Amados bera ere. "Denok hemen gaute. Guardia Zibila teknikariaren ordenagailua miatzen dabil. Ez digute azalpenik eman, argudiatuta ikerketa sekretupean dagoela. Salbuespen egoera ezarri dute hemen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.