Pussy Riot talde errusiarreko kideei bi urteko kartzela zigorra ezarri diete

«Erlijioaren aurkako gorrotoak bultzatutako bandalismoa» egitea egotzi diete, Moskuko katedralean Putinen aurka kantatzeagatikOposizioko kideen arabera, Errusiako presidentea bera dago epaiaren atzean

Arnaitz Lasarte.
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Pussy Riot Errusiako punk taldeko hiru kideri bi urteko kartzela zigorra ezarri diete. Nadezha Tolokonnikova, Yekaterina Samutsevitx eta Maria Aliojina musikariei «erlijioaren kontrakogorrotoak bultzatutako bandalismoa» egitea leporatu diete. Marina Soroya epaileak erruduntzat jo ditu, otsailean Moskuko Kristo Salbatzailearen katedralean eskainitako kantuarengatik. Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako mezuak zabaldu zituzten. Soroyak azken epaian adierazi du «sinestun ortodoxoei sortutako kalteengatik» zigortu dituztela hiru musikariak. Oposizioko hainbat kidek eta AI Amnesty Internationalek, ordea, salatu dute Pussy Riot taldeari «jazarpen politikoa» egiten ari zaizkiola. Hori dela eta,preso politikotzat hartu dituzte musikariak. Jaso duten zigorra Putinen boterearen beste erakusgarri bat dela uste dute.

Pussi Rioteko bost kidek otsailaren 21ean kantatu zuten Moskuko katedral ortodoxoan, Errusiako presidentetzarako hauteskundeak baino bi aste lehenago. Aldarera igo, eta Ama Birjinari Putin boteretik bidaltzeko eskatu zioten. Taldearen saioak minutu bat baino gutxiago iraun zuen, zaindariek elizatik kanporatu baitzituzten. Bost abeslarietako hiru martxoaren hasieran atxilotu zituzten, eta espetxean daude geroztik. Beste biak zein ziren jakiterik ez du lortu Poliziak. Izan ere, aurpegiak estalita egin zuten ekitaldia.

Tolokonnikovaren, Samutsevitxen eta Aliojinaren aurkako epaiketa uztailaren amaieran hasi eta abuztuaren lehen astean bukatu zen. Kartzelan torturatu egin dituztela salatu dute hirurek: «Ez dugu lorik egin, ez digute nahikoa janari eman. Hori tortura da», azaldu du Aliojinak.

Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen haientzat, «erlijio gorrotoa» bultzatzea egotzita. Haien arabera, musika taldearen helburua kristautasun ortodoxoaren aurka egitea zen. Hiru akusatuek hasieratik argi utzi nahi izan dute ekintza politiko bat izan zela kantaldia, eta barkamena eskatu diete agerraldi hartan minduak sentitu ziren sinestunei. «Ez gara kristauen etsaiak; gure arrazoiak soilik politikoak dira», azaldu du Tolokonnikovak. Ekintzaren bidez, Eliza ortodoxoaren buru Zirilo patriarka hauteskundeetan Putinen alde agertu izana ere salatu nahi izan zuten.

Fiskalaren argudioak bere egin ditu Marina Syrova epaileak: «Eliza batean ekintza probokatzaileak eta umiliagarriak eginez, sinestun askori kalte egin diete». Akusatuen abokatuek hamar eguneko epea dute epailearen erabakiaren aurka helegite bat aurkezteko.

Nikolai Polozov abokatuak epaiaren berri izan aurretik adierazi zuen helegitea aurkeztuko zutela. «Oso esperantza gutxi» zuten Pussy Rioteko kideen absoluzioa lortzeko. Izan ere, Syrova epaileak azken lau urteetan epaitu dituen 178 kasuetan behin bakarrik eman du absoluzio epaia. Abokatuaren susmoak bete egin dira.

Duela bi aste, Vladimir Putinek «zigor leun bat» eskatu zuen Errusiako punk taldearentzat: «Ez dut uste oso gogor epaitu behar dituztenik. Epaitegiak du azken hitza, baina, nire ustez, taldeko kideek atera behar dituzte ondorioak».

Oposizioa, epaiaren aurka

Oposizioko kideek presidentea jo dute hiru musikarien aurkako epaiaren erantzuletzat. «Neurri horretako erabakiak Putinek berak hartzen ditu», adierazi du Vladimir Rizkhov liberalak.

Mijail Jodorkovski espetxean dagoen oposizioko kideak, berriz,Pussy Riot«politikokijazartzea» leporatu dio Putini: «Erregimenarekin kritiko direnei irakaspenak eman nahi dizkie». Jodorkovskiren arabera, errealitatearen zentzua galdu du Putinek, eta errepresioaren bidez galdutako prestigioa berreskuratu nahi du. Garry Kasparov xake jokalari ohi eta oposizioko kidearen ustez ere auzia «guztiz politikoa» da: «Putin oso sentibera da bere boterearen aurkako eraso guztien inguruan».

Epaitegiaren aurrean atzo egindako protestetan, hainbat lagun atxilotu zituen Poliziak. Tartean, Kasparov bera eta Serguei Udaltsov Ezkerreko Fronteko burua. Errusian protesta bat baino gehiago egin ziren Pussy Rioteko kideen egoera salatzeko.

Amnesty Internationalek Errusiako agintariei eskatu die epaia bertan behera uzteko, eta abeslariak «berehala eta baldintzarik gabe» aske uzteko: «Bi urteko kartzela zigorra adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat da». John Dalhuisen erakundeko ordezkariak gogorarazi du Errusian modu horretako neurri askojarri direla martxan hauteskundeetako protestei erantzun ahal izateko: «Kremlinek disidenteei zilegitasuna kendu nahi diela agerian uzten duen adibide bat gehiago da epaia».

Navalniren kasua

Oposizioko kideek azaldu dutenez, Putinen aurka agertzen direnmugimendu guztiak zigortzeari ekin dio Errusiako Gobernuak. Besteak beste, maiatzaren 6an Putinen aurkako protesta batera deitu zuen Alexei Navalni abokatu eta blogariak, eta zigortu egin dute epaitegiek. Navalniri estatuaren enpresa baten diruaz legez kanpo jabetzea leporatu diote. Navalniren zigorra presidentearen mendekutzat hartu du, ordea, oposizioak. Atzo epaitegien aurrean protesta egin zuten herritarren artean zegoen abokatua, behin-behinean aske baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.