"Ez dugu beste herrialde batzuek jokatu duten bezala jokatuko. Herrialde independentea gara, eta atzerri politika independentea dugu", adierazi zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Snowdeni jakinarazi diote Errusia eta AEBen arteko harremanei kalte egiten dien ekintza oro "onartezina" dela, eta ziurtatu du estatuen arteko harremanak "garrantzitsuagoak" direla, "zerbitzu sekretuen arteko liskar zikinak baino".
Giza eskubideen defentsa norberak aukeratzen duen alderdiaren araberakoa dela esan zuen Putinek: "AEBen babesarekin eta horren finantza laguntzarekin erosoa da giza eskubideen alde egitea; AEBak kritikatzea, berriz, zailagoa da, Boliviako presidentearen hegazkinarekin gertatu zenak erakusten duen bezala".
Snowdenek behin-behineko babesa eskatu dio Errusiari: izan ere, nahiz eta Latinoamerikako herrialde batzuek babes politikoa eskaini dioten, harainoko bidaia antolatzeak planifikazioa behar du, eta, ondorioz, denbora. Anatoli Kucherena NSAko langile ohiaren abokatuak Reuters agentziari azaldu dionez, datozen egunetan utzi ahal izango du Snowdenek Xeremetievoko aireportua. Asteartean, hain zuzen, hilabete beteko da Snowden hara iritsi zenez geroztik. Errusiak Snowdenen babes eskaera onartuko balu, urtebetez bertan egoteko eskubidea luke, errusiar baten eskubide berdinekin, eta lanerako eta Errusiatik libreki zirkulatzeko baimenarekin.