Ukraina

Putin: "Operazioak gatazka modu baketsuan konpontzeko aukera suntsitu du"

Kievek Sloviansk berreskuratzeko operazioa abiatu du goizean. Errusiazaleek hainbat eraikin publiko kontrolpean dituzte hiri horretan. 

Errusiazaleak Sloviansk kanpoaldeko kontrol postu batean guardia egiten, atzo. R. P., EFE
Maialen Unanue
2014ko maiatzaren 2a
11:33
Entzun

"Zigor" operazioa "berehala" eteteko eskatu dio Errusiak Ukrainako Gobernuari. Sergei Lavrov Atzerri ministroak, gainera, Ukraina "suntsitzeko politikarekin" amaitzeko eskatu dio Mendebaldeari. Lavrovek salatu duenez, atzerritarrak ari dira parte hartzen Sloviansken abiatutako operazioan: "Ingeles hiztunak ikusi dituzte". Eta duela denbora bat Ukrainarekin elkarlanean talde militar pribatu bat ari zela salatu zutela gogoratu du: "Eta jakina den bezala, erakunde militar pribatu horiek ez dute atzerrian lan egiten AEBetako estatu idazkaritzarekin onespenik gabe". Horrez gain, operazioan Eskuin Sektorea eskuin muturreko taldeko kideak ere parte hartzen ari direla salatu du Lavrovek.

Talde horri egin dio erreferentzia Viatxeslav Ponomariov Slovianskeko alkate autoproklamatuak Dozhd telebista kateari egindako adierazpenetan. "Ukrainako militarrak modu leialean ari dira, baina Eskuin Sektorekoak barrikadak eraikitzen laguntzen ari diren herritar baketsuen aurka ari dira", adierazi du Ponomariovek. Alkatearen arabera, hiru miliziano errusiazale eta bi zibil hil dira.

AEBek, EBk, Errusiak eta Ukrainak Genevan adostutakoak kolokan jarri ditu gaur Kievek, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi duenez. Kiev Ukrainaren ekialdean burutzen ari den operazioa "ekintza kriminala" dela dio Putinek. "Orokorrean hitz eginez, Errusiak gatazka konpondu eta tentsioa baretzeko ahaleginak egiten dituen bitartean, Kieveko erregimenak herri eta hirien aurka tiro egiteko agindua eman die borrokarako abiazioei. Genevan adostutako akordioak bideraezin egin ditu operazioak", adierazi du Dmitri Peskov Putinen bozeramaileak.

Operazioa abiatutako lekuan Errusiako eta atzerriko kazetariak daudela eta Kremlina "guztiz kezkatuta" dagoela adierazi du Peskovek, eta haien segurtasuna bermatzeko eskatu du. Gaineratu duenez, kontaktua galdu du Errusiak Vladimir Lukinekin, Europako inspektore militarrak askatzeko Slovianskera bidali zuten lagunarekin. Dena den, Efe berri agentziak zabaldu duenez, Interfax eta Ria Novosti agentziek lortu dute Lukinekin harremanetan jartzea.

Tentsioa gora doa Ukrainan denborak aurrera egin ahala. Kievek Ukrainaren ekialdeko Sloviansk hiria berreskuratzeko operazioa hasi duela jakin da egunaren hasieran. Gutxira, errusiazaleek Ukrainako soldadu bat hil eta beste bat atxilotu duela jakin da. Horien berri eman du Ponomariovek lehenengo, eta Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak berretsi du gero. "Terroristek artilleria astuna erabili dute, granada eta misil jaurtitzaileak erabili dituzte. Pilotu bat hil dute, eta zaurituak daude". Avakoven arabera, mertzenario profesionalen laguntza dute errusiazaleek.

Gutxira, baina, hiru helikoptero galdu dituela baieztatu du Kievek, eta bi direla hildako soldaduak. Avakovek jakinarazi duenez, Sloviansk inguruko bederatzi kontrol postu bere gain ditu jada Ukrainak; "benetako batailak" izan direla baieztatu du, "arma astunak" tarteko. Avakovek goizean hainbat hedabidek zabaldutakoa baieztatu du: "04:30ean hasi da operazio antiterrorista Sloviansk-Kramatorsken. Indar Armatuak, Guardia Nazionala eta Barne indarrak ari dira lanean". Errusiazaleen alde "atzerriko aditu militarrak" ari dira parte hartzen Ukrainako barne ministroaren ustez: "Aire Armadako helikoptero militar bat harrapatu dute hainbat misilek. Horrek erakusten du eskualdean atzerriko aditu militarrak daudela, eta ez herritar armatu bakezaleak, Errusiako agintariek dioten bezala".

Sloviansk berreskuratzeko operazioa

Efe agentziak eta BBC World hedabidearen arabera, Ukraina ekialdeko hiri Sloviansk berreskuratzeko erasoa jo du Kievek. Hiriaren kanpoaldeko zenbait kontrol postu erasotu dituztela baieztatu du BBCko kazetari batek; Reuters agentziako argazkilari batek baieztatu du tiroak bota dituztela helikoptero batetatik, eta hiriaren beste zenbait lekutan ere entzun direla tiro hotsak. Hiria "erasotua" izaten ari dela zabaltzen ari dira Errusiako hainbat hedabide, BBCren arabera.

Ukrainaren ekialdean errusiazaleek hainbat eraikin publiko eta polizia etxe hartu ditu azken egunotan. Izatez, Oleksandr Turtxinov Ukrainako presidenteak onartu behar izan zuen ez zutela asmatu herrialdearen zati hori kontrolpean mantentzen. Manifestari errusiazaleak eraikin publikoak okupatzera joan direnetan, behin baino gehiagotan gertatu da Poliziak erresistentziarik ez jartzea, edota zuzenean, euren alde jartzea. Hori dela eta, atzo bertan jakinarazi zuen presidenteak zerbitzu militarra dekretu bidez derrigortu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.