Mundua

Putin: "Zalantzarik gabeko arrakasta lortu dugu"

Errusia Batua alderdiak %64 lortu du Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Nazioarteko behatzaileek bozak garbiak ez direla izan salatu dute.

2007ko abenduaren 3a
17:22
Entzun
Datu ofizialen arabera, Vladimir Putin Errusiako presidentearen alderdiak irabazi zituen atzo hango Legebiltzarrerako hauteskundeak -Errusia Batuak-, botoen %64,1 lortuta, eta Putinek "zalantzarik gabeko arrakastatzat" jo du garaipena. "Herritarrek jarrera serioa erakutsi dute, eta hori oso garrantzitsua da Errusiaren garapenerako eta barruko egoera politikoaren egonkortasunerako", adierazi du Putinek gaur.

Legebiltzarrak lehen boto-emaileen %70eko babesa baldin bazuen, orain %90ekoa daukala azpimarratu du presidenteak, "%10ek baino ez dietelako eman botoa orain Parlamentuan ez dauden alderdiei". Hala, Legebiltzarrak "lehen baino sinesgarritasun handiagoa" dauka, haren ustez.

Europako Kontseiluaren batzar parlamentarioetako nazioarteko behatzaileek (PACE), aldiz, esan dute hauteskundeak ez direla garbiak izan. "Ez dira guk jarritako irizpideak bete", salatu dute PACEk eta OSCEk elkarrekin ateratako oharrean. Putinek ez die haien kritikei aipamenik egin.

Luc Van der Brande PACEren arduradunak Errusian "benetako demokraziarik ez" dagoela adierazi du, "nahiz eta gaur egun han demokrazia formala egon".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.