John Kerry Ameriketako Estatu Batuetatako estatu idazkariak mugarritzat jo du NBEren oniritzia, eta azaldu du planak "gerraren eta bakearen artean egiaz aukeratzeko" abagunea ematen diela.
NBEren ebazpenaren ostean, Errusiako presidente Vladimir Putinek adierazi du "erraza" zaiola Al-Assadekin nahiz AEBekin lan egitea Siriako gatazkari dagokionez: "Zergatik erraza? ez gabiltzalako trikimailuekin eta ez dugulako gure jarrera aldatzen". Gatazka hasi zenetik, Errusiak defendatu du Al-Assaden etorkizuna siriarrek erabaki behar dutela.
Sei hilabeteko epean bake elkarrizketetarako egutegi bat eta batasun gobernu bat osatzeko aukera jasotzen ditu NBEren ebazpenak. Ez du aipamenik egiten, ordea, Baxar al-Assad Siriako presidentearen etorkizunaz. Su-etenera eta urtarriletik aurrera trantsizio politikorako elkarrizketak hastera dei egin du NBEk, eta elkarrizketa horretatik kanpo utzi ditu talde "terroristak": Estatu Islamikoa eta Al-Nusra.
Gainera, onartutako ebazpenaren arabera, NBEk gainbegiratutako hauteskundeak egin behar dituzte hemezortzi hilabeteko epean.