Putinek Errusiaren eta Txinaren arteko harremanak indartu nahi ditu

Adituek diote Pekinek Putin presidentetzara itzultzeko aukera begi onez ikusten duela

Erredakzioa
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak 2012an Kremlinera itzultzeko asmoa iragarri zuenetik egin duen lehen bidaia izan da Txinara eginikoa. Hainbat akordio ekonomiko lortu dituzte bi herrialdeek, baina Putinen helburu nagusia Pekinekin kooperazioa handitzea da, eta mendebaldearen aurrean bloke indartsua eratzea. Hala adostu zuten atzo, hain justu, Putinek eta Wen Jiabao Txinako lehen ministroak. Adituen ustez, atzerri gaietan Asia eta Pazifikoko eskualdeak Putinen lehentasunak izango direla agerian utzi du bidaia horrek.

Putinen itzulera begi onez ikusten du, gainera, Pekinek. Izan ere, egungo presidente Dimitri Medvedevek Europara gehiegi begiratzen duela irizten dio Txinako Gobernuak. Azken aldian jarrera bateratua erakutsi dute bi herrialdeek. Gerturatze hori agerian utzi du, hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Siriaren aurka Europako herrialdeek proposatutako ebazpenari bai Txinak eta bai Errusiak betoa eman izanak. Betoak, hain justu, hautsak harrotu ditu nazioartean, eta bi herrialdeei Siriako oposizioa bazter utzi izana leporatu diete, armaz oldartu zaion erregimenaren aurrean.

Bidaia horretan Siriako gaia eta betoa hizpide izango dutela iragarri du Iuri Ushakov Errusiako lehen ministrordeak. Bi herrialdeek adierazi dute Sirian gobernuaren eta oposizioaren artean elkarrizketa sustatu behar dela. Errusiak Libian jazotakoa errepikatu nahi ez zuela-eta eman zion ezezkoa ebazpenari, Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako proposamenak militarki esku hartzeko bideak irekitzen zituela argudiatuz.

Gasaren akordioa

Urteetan, desadostasunak direla medio, gas horniduraren inguruko akordioa ezin lortu ibili dira. Atzo ere ez zuten ezer sinatu, Moskuk akordioa lortzear direla adierazi bazuen ere. Errusiak Europako herrialdeek ordaintzen duten prezio bera eskatzen dio Txinari gasarengatik, baina horrek merkatzea exijitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.