errusia

Putinek iragarri du ez dituztela hauteskunde berriak egingo

Abenduaren 4ko legebiltzarrerako bozetan iruzurra egon zela salatzen ari da oposizioa. Putinen eta Medvedeven alderdiak irabazi zituen.

2011ko abenduaren 27a
11:38
Entzun

Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak iragarri du ez dituztela orain berriro egingo legebiltzarrerako hauteskundeak, iruzur salaketak dauden arren. "Bozak izan ziren, eta ezin da orduko emaitzei buruzko gainbegiratzeaz eztabaidarik zabaldu", esan du gaur Putinek. "Duma [legebiltzarra] martxan dago".

Errusia Batua Putinen eta Dimitri Medvedev presidentearen alderdiak gehiengoari eutsi zion abenduaren 4ko hauteskundeetan —gehiengo osoa lortzeke—, baina oposizioak ustelkeria salatu zuen hasieratik, eta bozak baliorik gabe utz ditzaten eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte. Lehengo larunbatean, adibidez, 120.000 lagun bildu ziren Moskun manifestazio batean, antolatzaileen arabera —haien artean izan zen Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko azken presidentea—.

Martxa haren aurretik, Errusiako Giza Eskubideen Presidentzia Kontseiluak Hauteskunde Batzordeko buru Vladimir Churovek dimisioa eman beharko lukeela iradoki zuen, bozetako "iruzurrean" parte hartu zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.