ERRUSIA

Putinen garaipen zabalari «gardentasunik eza» egotzi diote nazioarteko begiraleek

Alderdi Komunistak, Kremlinen aurkari nagusiak, bigarren indarra izaten jarraituko du, baina behera egin du nabarmen

Erredakzioa
2003ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Errusia Batua alderdiak, Errusiako presidente Vladimir Putinen aldekoak, garaipen zabala lortu zuen herenegun herrialdean egin Legebiltzarrerako hauteskundeetan; hain zuzen ere, bozen %37,1 lortu zituen. Alta, komunisten indarrari aurre egiteko Kremlinek sortu zuen Rodina (Aberria) izan da gora gehien egin duen alderdia; izan ere, botoen % 9,1 lortu zuen, eta laugarren postua eskuratu. Rodinaren garaipena Alderdi Komunistaren kalterako izan da. Hala ere, bigarren alderdi izaten jarraituko du Guennadi Ziuganoven alderdiak, bozen %12,7rekin. 1999. urtean egindako azken bozetan eskuratu zituzten botoen erdiak erdietsi dute komunistek oraingoan Kremlinen aurkari nagusia izan da Duman alderdi komunista azken hamarkadan.

Alderdi Liberal Demokratikoak, berriz, botoen%11,6 lortu zituen.Nabarmen behera egin duten beste bi alderdiak Jabloko eta Eskubiko Indarren Batasuna izan dira. Aurrenekoak botoen %4,3 eta bigarrenak % 3,9 lortu zituzten. Beraz, merkatu librearen aldekoak diren bi alderdiok ez dituzte lortu Duman ordezkaritza izateko gutxieneko bozak. Alderdi Nekazariak ere bozen %3,70 baino ez zituen lortu igandean. Hauteskundeetara aurkeztu ziren beste hamasei alderdiek ere %5aren azpitik gelditu ziren.Errusiako hauteskunde legediak alderdi guztien kontra bozkatzeko aukera ematen du boto-txartelean, eta aukera hori garaile ateratzekotan hauteskundeak berriro deitu beharra dago. Orduan bazertuak izan diren ordezkari politikoak ezin izango dute berriro partehartu. Guztien kontra aukerak boz orokorren %4,7 lortu zuen igandean. Parte-hartzea urria izan zen igandeko bozetan. 110 milioi herritar zeuden deituta boza ematera, eta %56 baino ez ziren joan botoa ematera.

Emaitzen baliogarritasuna zalantzan

Emaitzak «demokrazia finkatzeko bidean beste aurrerapauso bat» direla adierazi zuen atzo presidenteak. Alta, bozen «gardentasunik eza» salatu zuten ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeko etaEuropako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko begiraleek. Bi erakundeok atzo helarazi zuten txostenaren arabera, «bozak ez dira egin ESKEko kide diren herrialdeek hartuta dituzten betebeharre jarraiki». Ildo horretan, ikuskatzaileen hitzetan zalantzagarria da Errusia hauteskunde demokratikoak egiteko bidean duen asmoa. «Hauteskunde prozesua Errusiako demokraziaren atzerapauso gisa sumatu daiteke orokorrean», zehaztu zuten.

Ildo horretan, Putinen eledun Akhmar Zavgaievek Txetxenian bozen %100 jaso izana susmagarritzat jo zuten ikuskatzaileek. «Nola uler daiteke hori beste bost hautagai egonik?», galdetzen zuten begiraleek.Errusiako presidente Vladimir Putinek, ordea, estatuak hauteskunde «garbiak, askeak eta irekiak» bermatu dituela adierazi du.Orotara, nazioarteko 1.200 ikuskatzaile izan ziren igandean Errusian, 40 herrialdetatik etorritako ikuskatzaileak, hain zuzen ere. Bozketa prozedurak zalantzan jarri ez, baina administrazioren eta mezubideen baliabideak alderdi ofizialistaren alde egiteko baliatu direla salatu dute begiraleek. Gobernuaren partzialtasunak hauteskundeen emaitzak ikaragarri eraldatu dituela uste dute.AEB Ameriketako Estatu Batuek ikuskatzaileen lana goraipatu eta haien iritziarekin bat datozela jakinarazi zuen atzo Etxe Zuriko bozeramaile Scott McClellanek. «Kezka horiek partekatzen ditugu», zehaztu zuen. Errusiako legegileek erreforma politikoak eta ekonomikoak sustatzeko beharra agerian gelditu dela ohartarazi zuen Washingtongo ordezkariak.Alderdi Komunistako buru Guennadi Ziuganovek bozetan iruzurra izan dela adierazi zuen herenegun bertan. «Hauek hauteskundeak izan badira, demokrazia polizial batean gaude», helarazi zuen. Bozak gezur lotsagarritzat jo eta «ikuskizun higuingarriaren lekuko» izatea leporatu zien bozak ontzat eman dituztenei.Jabloko alderdiko lider Grigori Javlinskik ere gogor gaitzetsi zuen iruzurra, eta presidentetzari Errusia Batuaren garaipena lortzeko bere bitartekoak erabili izana leporatu zion. «Erregimen autoritario batean bizi gara», salatu zuen Javlinskik.

Errusia Batua alderdiko kide nabarmena den Liubov Sliskak, berriz, emaitzek erreforma politikarekin aurrera sigitzeko bidea eman dutela esan zuen. «Harro sentitzeko moduko garaipen argia izan da», gaineratu zuen.

Presidentetzarako bozak, martxoan

Igandean egindako bozen emaitzak presidentea indartzeko balio izango dutela uste dute adituek eta, ildo horretan, hemendik hiru hilabetera, 2004. urteko martxoan, egingo diren presidentetzarako bozetan Vladimir Putinek bere agintaldia beste lau urtez luzatuko duela iritzi diote.

«Hauteskundeen emaitzek agerian jartzen dute zeintzuk diren herritarren benetako begikotasunak, zer pentsatzen duten errusiarrek eta zein den bizitza politikoaren errealitatea», esan zuen presidenteak.Nazioarteko begiraleek, berriz, presidentetzarako bozetan «Errusiak unibertsalki onartuak dauden nazioareko neurriei erantzutea» espero dute.

Moskuko alkate Juri Luzhkovek bere hirugarren agintaldiari ekingo dio Moskuko alkatetzarako bozen %74,9 lortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.