Zenbaketa ofizialaren arabera, alde handiarekin irabazi ditu Dmitri Medvedevek Errusiarako presidentetzarako bozak: botoen %98,78 zenbatuta bi herenetik gora Putin egungo presidentearen oinordekoarentzat izango lirateke, zehazki, %70,21.
Horrenbestez, alde handia atera die gainerako hautagaiei. Bigarrena Gennadi Ziuganov Alderdi Komunistako hautagaia izango litzateke, baina botoen %17,77rekin. Hau da, 50 puntutik gorako aldea atera dio Medvedevek bigarrenari. Vladimir Jirinovski ultranazionalista sailkatu da hirugarren tokian (%9,37), eta Andrei Bogdanov Alderdi Demokratikoko hautagaia laugarren (%1,29).
Hauteskunde Batzorde Zentralak emandako datuen arabera, parte hartzea %69,9koa izan da; 109 milioi lagunek zuten botoa emateko eskubidea. Itar-Tass Errusiakoalbiste agentzia ofizialak zabaldu duenez, 51,4 milioi boto jaso ditu Medvedevek, Putinek 2004an bildutakoak baino gehiago.
Nolanahi ere, Mendebaldeko begiraleek auzitan jarri dute hauteskundeen zuzentasuna; areago, iruzur salaketak ere izan dira. Begiraleak ez dira iruzur hitza aipatzera iritsi, baina prozesuaren demokratikotasuna zalantzan jarri dute, besteak beste, hautagai guztiek ez dutelako aukera berdina izan hedabideen bidez beren mezuak zabaltzeko. Iruzur salaketa egin dutenek, parte-hartzearen puztutzea eta Mvdeven alde bozkatzeko jendea presionatzea aipatu dituzte.
Mundua
Putinen ildoko Medvedevek irabazi ditu Errusiako presidentetzarako bozak
Hauteskunde Batzorde Zentralak emandako datuen arabera, botoen %98,78 zenbatuta %70,21 eskuratu ditu agintearen hautagaiak. Bigarrena Gennadi Ziuganov Alderdi Komunistako hautagaia litzateke, baina askoz atzerago, botoen %17,77rekin. Adituen arabera, Medvedev izango da presidente baina Putinek jarraituko du itzalean agintzean. Mendebaldeko begiraleek auzitan jarri dute hauteskundeen zuzentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu