Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak, duela lau urte Kremlinean egindako bilera batean, Moshe Katsaven (Yazd, Iran, 1945) kasua izan zuten mintzagai. Elkartu berritan, informalki ari ziren solasean, eta Errusiako presidentea ez zen ohartu mikrofono bat irekita zegoenik. «Eman goraintziak zuen presidenteari. A ze gizon puska! Hamar emakume bortxatzea ere! Ez nuen hartaz hori espero. Guztiok harritu gaitu. Inbidia diogu». Txantxa bat zela erran zuen Putinek. Graziarik gabeko broma. Errusiako Kommersant egunkariko berriemaileak zabaldu zuen elkarrizketa lau haizeetara. Handik egun batzuetara, telebista saio batean gertatutakoari buruz galdetu ziotenean, Putinek erantzun zuen ez zela «onargarria, besteak beste, emakumeen eskubideen defentsa erabiltzea loturarik ez duten arazo politikoak» konpontzeko». Katsaven aldeko aipu gisa interpretatu zen, eta Putinek ez zuen gezurtatu Kommersant-ek argitaratutakoa.
Haren irudia jadanik zikinduta zegoen arren, Errusiako presidentearen solasek ez zioten mesederik egin Katsavi. Ordurako, politikari beteranoa zen Katsav. Iranen jaio zen, eta 1951n haren familiak Israelera migratu zuen. Ekialdeko herrietatik migratutako judua da, beraz. Israelen urte luzez bigarren mailakotzat jo izan dute komunitate hori, boterea Europa erdialdeko eta ekialdeko jatorridun juduek kontrolatu izan baitute. Katsav bera presidente hautatu zutenean, ordea, ekialdetik eta Ipar Afrikatik migratutako juduen integrazioaren eredutzat jarri zuten. Bere aurkako prozesua hasi zenetik, arazo etnikoaren argudioa erabili du Katsavek. Duen jatorriagatik, kasta nagusiek boteretik at nahi dutela dio.
Gila Katsavekin ezkondu zen 1969an, eta bortz seme-alaba dituzte. Ibilbide politikoa ere ezkondu eta berehala hasi zuen, eskuineko Likud alderdian. 24 urterekin, Kyriat Mal'akhi herriko alkate hautatu zuten. Likuden barruan mailak igotzen hasi zen, 2007an hondoa jo zuen arte.pm.r.
Soslaia. Moshe Katsav
Putinen «inbidia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu