Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak Vladimir Putinen lekukoa hartuko du Errusia Batua alderdiaren gidaritzan. «Proposamena eskertzen dut, eta ofizialki onartzen dut», adierazi du. Putinek argitu du Errusia Batuaren buruzagitza uzten badu «presidente ez- alderdikoiaren» tradizioari eusteko dela. Izan ere, maiatzaren 7an izendatuko dute Putin presidente, eta hark Medvedev lehen ministro izateko proposamena egingo du Duman—Errusiako Parlamentuan—.
Putinek berak argitu du konstituzioak ez diola estatuburuari alderdi bateko kide izatea debekatzen, baina presidenteak alderdi guztiak batu behar dituela dio, eta herritar guztientzat gobernatu behar duela. Horiek hala, Medvedeven esku utzi du alderdia.
Botere partekatua
Medvedevek esan du herrialde bateko botereak ez duela pertsona bakarraren esku egon behar, eta Putinekin osatzen duen bikotea goraipatu du. «Ona da herrialdearen etorkizuna eta prozesu politikoak pertsona bakar baten nahien mende ez egotea, pertsona horrek burutik pasatzen zaion lehen gauza egin baitezake», gaineratu du.
Bestalde, legebiltzarrerako eta presidentetzarako bozak egin eta gero iruzurra salatzera kalera atera ziren herritarren konpromisoa miresten duela esan du Medvedevek, nahiz eta ez duen bat egiten haien eskakizunekin. Putinek ez bezala, ez du uste protesten atzean AEBak egon direnik.
Putinen lekukoa hartu du Medvedevek Errusia Batuaren gidaritzan
Errusiako presidenteak adierazi du ez dela ona herrialde baten boterea pertsona bakar baten eskuetan egotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu