Mundua

Qatarrek dio adostasuna lortu dutela Libanoko gehiengo parlamentarioko kideek eta oposizioak

Libanok 2006tik bizi duen krisi politikoari "bukaera" jarri diote. Azkeneko bost egunetan hizketan aritu dira Qatarren.

2008ko maiatzaren 21a
09:58
Entzun
Hamad bin Yasem Qatarko lehen ministroak gaur jakinarazi du Libanoko gehiengo parlamentarioko kideek eta oposizioak adostasunera heldu direla eta herrialde honek 2006ko azarotik bizi duen krisi politikoari "bukaera" jarri diotela. Oraingoz, ez ditu eman akordioko xehetasunak.

Azkeneko bost egunetan elkarrizketetan aritu dira Qatarren, Dohan.

Iragan azaroaren 24tik Libanok ez du presidenterik, Emile Lahudek presidentetza utzi zuenetik, eta Parlamentua ez da gai izan berria aukeratzeko. 18 bozketa egin dituzte, baina alferrik izan da, oraingoz.

2006ko udazkenean hasitako krisiak areago banatu zituen eremu politikoko bi aldeak Libanon. Batetik, Amal (Legebiltzarreko presidentearen alderdia), Hezbola, FPM Fronte Patriotiko Askea, Marada, Alderdi Komunista eta beste talde batzuk (musulman xiita, kristau eta ateoek osatuta nagusiki) osatzen duen oposizioa dago; eta, bestetik, Fuad Siniora lehen ministroaren (kristau maronita) eta gehiengo parlamentarioaren -Saad Hariri buru duen FM Etorkizunaren Mugimendua- daude. Lehengo astean alde bateko eta besteko ekintzaileak borrokatu egin ziren, tiroka. Hainbat lagun hil zituzten.

Protestak Sinioraren gobernua Hezbolak eraikitako telekomunikazio sarea desegiten saiatzean hasi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.