Hizkuntza eskubideak

Quebecek frantsesa babestu nahi du

Hizkuntzak izan duen gainbehera argudiatuta, François Legault lehen ministroak gizarteko arlo guztiei eragingo liekeen lege proiektu bat aurkeztu du.

Legault lehen ministroa eta Jolin-Barrette Justizia ministroa, lege proiektuaren berri emateko agerraldian. EMILIE NADEAU / QUEBECEKO GOBERNUA
ander perez zala
2021eko maiatzaren 14a
18:41
Entzun

Quebecen kezka eragin du azken urteotan frantsesak izan duen gainbeherak. Herrialdeko hizkuntza ofizial bakarra den arren, ingelesak geroz eta pisu eta garrantzi handiagoa hartu du, batez ere Montrealgo enpresa munduan, eta, horren aurrean, gobernuak joera aldatzeko proposamenak egitera behartuta ikusi du bere burua. Hala iragarri zuen François Legaultek 2018an, bozak irabazi eta lehen ministro bilakatu zenean, eta, bi urte eta erdiren ostean, haren gobernuak frantsesa babesteko lege proiektu bat aurkeztu du Asanblea Nazionalean. Testua onartuz gero, ez ditu edonolako aldaketak sustatuko, legeak gizartearen arlo guztiei eragingo bailieke.

201 artikuluk eta 25 neurri esanguratsuk osatzen dute 96. lege proiektua —Frantsesari, Quebeceko hizkuntza ofizial eta komunari buruzko legea deitua—, eta 1977an onarturiko Hizkuntza Frantsesaren Ituna babestea eta sendotzea du helburu; testu horrek Quebeceko herritarren hizkuntza eskubideak finkatu zituen, eta frantsesa bilakatu zuen herrialdeko hizkuntza ofizial bakarra, PQ Alderdi Quebectarra buru zuen gobernuaren ekimenez. Lau hamarkadaren ostean, baina, itun hori indartu beharra defendatu dute ia alderdi guztiek, eta batez ere Legaultek —CAQ Quebecen Etorkizuna Koalizioa zentro-eskuindarrekoa da—, «identitate quebectarra mantentzeko premiazkoa» delakoan.

Quebeceko hizkuntza ofiziala dela errepikatzeaz gain, gobernuaren lege proiektuak berritasun bat txertatu du, horretan baitio frantsesa dela herritarren «hizkuntza komuna»; besteak beste, 88.9. artikuluak zehazten duenez, frantsesa «immigranteen harrerarako eta integraziorako hizkuntza da, baita quebectar guztiei gizarte honetako bizitza publikoan eta horren garapenean parte hartzea ahalbidetzen diena ere».

Gobernua, baina, horretaz haratago joan da, eta neurri hauek jarri nahi ditu indarrean 96. lege proiektuaren bitartez: besteak beste, erakundeetan elebitasuna amaitzea, batez ere Kanadako Gobernuak Quebecen dituenetan; udalerri batzuei elebidun estatusa kentzea, ingeles hiztunen kopurua biztanleriaren erdia baino gutxiago bada; ingelesezko ikasketen kopuruari muga ezartzea frantsesezko eskola sarean; ingelesezko eskola sareko ikasle kopurua mugatzea; enpresen lokaletako afixetan frantsesak izatea protagonismorik handiena; frantsesa ez dakitenei hura ikasteko ikastaroak eskaintzea; eta hizkuntza frantsesari buruzko ministerio bat sortzea.

Quebeceko lehen ministroaren ustetan, frantsesa «beti» izango da kaltebera herrialdean, eta horregatik erabaki dute gainbehera eteteko baliabideak indarrean jartzea: «[Hizkuntza] Ez badugu babesten, bada arrisku bat: ez dakit zenbat urteren buruan gure haurrek edo bilobek ez dutela frantsesez hitz egingo».

Hizkuntza Frantsesaren Quebeceko Bulegoak iragan martxoan argitara ateratako txosten baten arabera, frantsesa gutxiago erabiliko da datozen urteetan, batez ere etxean: 2011n, herritarren %82k erabiltzen zuten, eta kopuru hori %75era jaitsiko litzateke 2036rako. Epe berean, berriz, ingelesaren erabilera %11tik %13ra igoko litzateke, eta ama hizkuntza frantsesa dutenak %79 izatetik %70-72 izatera pasatuko lirateke.

Kopuru horiek mende honetan hasitako joeraren erakusle dira, eta, hori gelditzeko, oposizioko alderdiek begi onez ikusi dute Legaulten gobernuak proposaturiko neurri sorta, PQk izan ezik, iruditzen baitzaio «motzegi» geratu dela. Alderdiko buruzagi Paul St-Pierre Plamondonek baieztatu egin du horren alde bozkatuko dutela, baina Quebeceko lehen ministroari ohartarazi dio bere lege proiektuaren edukia ez dela «nahikoa», proposamenek «egiturazkoagoak» izan behar dutelakoan. 

Egun, CAQek gehiengo osoa du Asanblea Nazionalean, eta, hortaz, ez da arazorik espero onarpenari begira; ikusteko dago, baina, jasoko duen baiezkoa aho batezkoa izango den.

Aldaketak Kanadako Konstituzioan?

96. lege proiektuaren bidez, Quebeceko Gobernuak Kanadako Konstituzioa moldatzea du helburu, horretan txertatzeko frantsesa dela «Quebeceko hizkuntza ofiziala» eta «Quebec nazio bat» dela.

Printzipioz, Ottawak begi onez ikusi du Legaulten neurri sorta, baina jakinarazi du sakon aztertu ostean iritzia alda dezakeela; jarrera edozein dela ere, Quebec konstituzioko klausula ezeztagarri bat erabiltzekotan da, bere lege proiektuaren aurkako helegite bat jartzea debekatuko lukeena. Gutxitan erabilitako mekanismo bat da, baina Quebecen ez zaie arrotza egingo, 1988an ere erabili baitzuten hizkuntza eskubideen auzian.

Hala, Legaulten asmoek Quebecen nazio izaera aldarrikatzea eta sendotzea eragingo dute legedia federalean. Izan ere, Kanadako Komunen Ganberak 2006an onartu zuen Quebecek «Kanada batuaren barruan nazio bat osatzen» duela, baina ez du inoiz txertatu konstituzioan aitortza hori.

Quebecen 2022ko azaroan egingo dituzte Asanblea Nazionalerako hauteskundeak, eta baliteke frantsesaren egoerari begirako lege proiektua aurkeztu izanak mesede egitea CAQi, gehiengo osoari eusteko helburua betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.