Quebecen oraingoz beste autodeterminazio erreferendum bat, hirugarrena, egiteko aukerak urrun dirudi, horren aldeko alderdi bakarra, PQ Alderdi Quebectarra, Legebiltzarreko hirugarren postura jaitsi baita eta PLQ Quebeceko Alderdi Liberalak botereari gutxigatik eutsi baitio. Atzo eman zituzten asteleheneko hauteskundeetako behin betiko emaitzak, eta liberalak izan dira berriz nagusi, baina beherakada handia pairatuta, 76 diputatutik 48ra (botoen %33,1 eskuratuta). ADQ Quebeceko Ekintza Demokratikoa eskuindarra izan da 2003tik aurrerapenik handiena egin duena, soilik lau diputatu izatetik 41 izatera igaro baita (botoen %30,8 lortuta). Haatik, PQ Alderdi Quebectarra (independentista) 45 diputatutik 36ra jaitsi da (botoen %28,3 erdietsita), 1973tik izandako emaitzarik txarrenak jasota. Horiek horrela, 1878tik gutxiengoan dagoen lehen gobernua izango du herrialdeak.
PVQ Quebeceko Berdeen Alderdiak eta Quebec Solidaire ezkerreko talde subiranistak ez dute ordezkaririk eskuratu, eta biek ala biek botoen %4 bildu dituzte. Halarik ere, oso litekeena da Quebec Solidaire alderdi berriak PQri hainbat boto kendu izana. Ezker politika baztertu izana leporatu dio PQri.
HIRUGARREN ERREFERENDUMA, URRUN. Alderdi Quebectarrak kanpainan agindu zuen garaile ateraz gero beste autodeterminazio erreferendum bat antolatuko zuela. Haatik, PLQko buru eta Quebeceko lehen ministro Jean Charestek «erreferendumaren film zaharra» ahazteko eskatu zien quebectarrei, eta azken urteetan Ottawako gobernu federaletik bultzatutako federalismo irekiaren onurak goraipatu zituen. Dumont politikari kontserbadorearentzat, erreferenduma egitea ez da garrantzitsuena gaur egun. «Erreferendumaren ametsean bizi zara», leporatu zion PQko buru Andre Boisclairri.
Lehen galdeketa 1980an antolatu zuen PQk, artean boterean zela. Halere, Gobernuan zuen gehiengoa ez zen erreferendumeko botoetan islatu. Subiranotasunaren aurkakoak nagusitu ziren, botoen %59,56rekin.
1995ean bigarren saioa egin zuten independentistek. Orduan lehen ministro zen Jacques Perizeauren gobernuak hau galdetu zien quebectarrei: «Quebecek burujabea izan behar duela onartzen duzu, Kanadari elkarte ekonomiko eta politiko berrirako eskaintza formala egin ondoren?». Ezetza nagusitu zen, baina ozta-ozta, botoen %50,58rekin. Soilik 54.000 botok zapuztu zuten independentisten ametsa.
2003 arte boterean egon arren, beste galdeketarako baldintza egokirik ez zuen ikusi PQk, baina azken urteetan, oposizioan, olde subiranista sumatzen hasia zen. Urteotan egindako inkestetan independentziaren aldekoak %40tik %55 arteko tartean kokatu dira. 2005eko inkestetan jo zuen goia independentziaren aldeko jarrerak, %55eko sostenguarekin.
Nolanahi ere, joan den asteleheneko hauteskundeetan ez da horrelakorik islatu.
POLITIKARIEN MEZUA. «Egun historikoa izan da. Quebectarrek epai zorrotza eman dute. Oposizio gogorrarekin gobernatuko dugu», nabarmendu du garaileak, Jean Charestek. Haren iritziz, hautesleek «proban» jarri dute alderdien «heldutasun politikoa». Quebec «zatituta» dagoela ere esan du.
La Presse egunkariaren arabera, ofizialki lehen ministro Charestek segitzen badu ere, «oraindanik benetako buruzagia» ADQko buru Mario Dumont da. Liberalek aginteari eutsi arren, eskualde askotan porrot handia izan dute, 28 barrutiren kontrola galdu baitute, ADQren mesedetan. Kazetak gogorarazi du gutxiengoan dauden gobernuek normalean 18 hilabete inguru irauten dutela. ADQk autonomia handiagoa nahi du Quebecerako, baina Kanadatik bereiztearen kontrakoa da.
Dumontentzat, «quebectarrentzako aro berri baten hasiera» da. «aldaketa mezua, bihotzetik ateratako deia». Haren idurikoz, Quebeceko Gobernua «begiradapean» jarri dute herritarrek.
La Presse-ri jarraiki, «PQrentzat ere elektroshock-a» izan da. «Montrealgo iparraldeko koroan bere gotorleku askotan menderatua, hirugarren lekura igaro da Legebiltzarrean». Andre Boisclair buruzagiaren geroa ere koloka geratuko da, baina berak buruzagi segitzeko asmoa agertu du. Boisclair 2005eko azaroan hautatu zuten PQ gidatzeko. «Quebectarrek aldaketa nahi dutela adierazi dute», esan du, baina amore emateko asmorik agertu gabe: «Subiranismoaren sua bizirik mantenduko dugu».
Anartean, Quebeceko emaitzen berri izan ahala, Kanadako lehen ministro kontserbadore Stephen Harperrek baztertu egin du Kanadan hauteskunde federalak aurreratzeko aukera.
«Quebectarrek epai zorrotza eman dute. Oposizio gogorrarekin gobernatuko dugu»
jean charest
plq-ko buru eta quebeceko lehen ministroa
«Quebectarrentzat aro berri baten hasiera da, aldaketa mezua,bihotzetik ateratako deia»
mario dumont
adq quebeceko ekintza demokratikoko burua
«Quebectarrek aldaketa nahi dutela adierazi dute, baina subiranismoaren sua bizirik mantenduko dugu»
andre boisclair
pq alderdi quebectarreko burua
Quebecen liberalak nagusitu, eta erreferendumerako aukera zaildu da
PQ alderdi independentistari bigarren postua kendu dio ADQ eskuindarrak; alderdi hori bakarrik igo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu