Atzo iritsi zen agindua: Ekuadorko justiziak Correa behin-behinean espetxeratzea agindu du. Hainbat ustelkeria kasutan parte hartu izana egotzi diote. Justiziaren esanetan, iruzur egin zuen estatuaren zenbait kontraturen esleipenetan. Daniella Camacho epaileak berretsi zuen atzo neurria, egun bat lehenago Diana Salazar fiskalak hala galdegin ondoren. Camachoren esanetan, espetxealdia "legala, konstituzionala eta konbentzionala" izango da.
Presidente ohiaren aurkako kasuak 2012. eta 2016. urteen artean eginiko ustezko hainbat ustelkeria kasu biltzen ditu. Correarekin batera, harekin lanean ibili ziren beste lau kolaboratzaile ohi ere ikertzen ari dira, eta horientzat ere behin-behineko espetxeratzea agindu du epaileak. Ikerketaren arabera, AP Herri Aliantza alderdia agintean egon zenean –2007 eta 2017 bitartean– gertatu ziren ustezko hainbat delituren zantzuak azaleratu ditu kasuak. Alderdiaren finantzaketa irregularrarekin lotuta egon daitezkeela uste du epaileak. Eroskeria, zilegi ez den elkartea sortzea, eta influentzia trafikoa leporatzen dizkiote.
Camacho epaileak beharrezkotzat jo du Correari behin-behineko espetxeratzea agintzea; izan ere, gaur egun Belgikan bizi da presidente ohia –2017an joan zen hara bizitzera, agintaldia utzi zuenean–, eta, epailearen esanetan, neurri hori izango litzateke hura justiziaren aurrean aurkeztea bermatzeko bidea. Gainera, Correaren aurkako atzemate agindu bat dagoela gogorarazi du epaileak, 2012an Fernando Balda oposizioko politikaria bahitzen ahalegintzea leporatuta, kautelazko neurriak urratzeagatik.
Correa presidente ohiaren esanetan, jazarpen politikoaren biktima izaten ari da, Lenin Moreno haren ondorengoaren eskutik. Salatu duenez, Morenok hurrengo hauteskundeetako lehiatik kanpo utzi nahi duelako jo du bere aurka.
Presidente ohiarekin batera, beste lau kolaboratzaile ohiren aurka ere agindu du espetxealdia epaileak. Horien artean, Jorge Glas presidenteorde ohia, Agua Walter Solis idazkari ohia eta Yamil Massuh aholkulari ohia. Halaber, beste 17 inplikatu ere egon daitezkeela uste du epaileak.
Kasuak Odebrecht auzian du jatorria. Ekuadorko bi hedabidek Herri Aliantza alderdiaren ustezko finantzaketa irregularra salatu zuten. Horien arabera, Correak gidatutako alderdiak legez kanpoko ordainketak jaso zituen estatuko eta nazioarteko hainbat enpresaren eskutik, kontatu publikoak jasotzearen truke. Enpresa horien artean legoke Brasilgo Odebrecht firma entzutetsua. Informazio horien arabera, ustelkeria sare horrek 150 milioi dolarretan baloratutako kontratu publikoak egin zituen.