Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritza batek Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohiaren hilketaren akusazio aktak eman dizkio Said Mirza Estatuko fiskalari. Txosten horrekin batera, Hezbolako ustezko lau kideren aurkako atxiloketa agindu du politikariaren hilketa ikertu duen auzitegiak. Atentatu batean hil zuten lehen ministro ohia, 2005ean.
Fiskalak datu gehiago eman ez dituen arren,Libanoko hedabide nagusiek ustezko lau akusatuen izenak plazaratu dituzte: Salim Aiash, Mohamad Bedredin, Asad Sabra eta Abdel Magid Hezbola talde islamikoaren adar militarreko kideak.
Akusazioen aurrean, Najib Mikati lehen ministroak Haririren heriotzaren inguruan «egia osoa» ezagutzeko premia adierazi du, eta kasua gertutik jarraitzeko asmoa duela, «23 lagun hil zituzten erantzuleak zigortzeko». Baina ez dirudi hedabideek akusatuen izenak plazaratzea ideia ona iruditu zaionik. Mikatiren iritziz akusatu oro errugabe da «erruduna dela frogatu arte». Azkenik, NBEk eginiko akusazio akta herrialdean ezegonkortasuna sortzeko ez erabiltzeko eskatu dio gizarteari.
Erreakzio kontrajarriak
Gobernuaren hitzei berehala erantzun die Saad Hariri, hildako lehen ministro ohiaren semeak. Aurtengo urtarrila arte Libanoko lehen ministro izan zen Hariri baita, eta bere ondorengoari«konpromisoz, legez eta etikaz» jokatzeko eskatu dio.
Fiskalak aktak jasotzea itxaropenez ikusi du lehen ministro ohiak, eta«inflexio puntu» bezala definitu du, «antolatutako krimen politikoaren aurkako borrokan». Azkenik, Hezbolari zuzendu zaio, eta jakinarazi dio «martiriek isuritako odola» ez dela alferrikakoa izango.
Mehatxu horren aurrean, Hezbolak eskuak garbitzen saiatu da, eta adierazi du Rafik Haririren atentatuan ez zuela inolako ardurarik izan. Era berean, kasua aztertu duen NBEko auzitegia gogor kritikatu du talde xiitak, organismoa politizatua dagoela eta «Israel eta AEBen tresna hutsa» dela ziurtatuz. Arrazoi horregatik, Gobernuari auzitegiarekin duen harreman ekonomiko eta judizial oro haustea eskatu dio, eta ez duela lau akusatuak poliziari emateko inolako asmorik.
Auzitegiaren aurkako jarrera izan du Hezbolak beti, eta Saad Haririen gobernua erortzeko arma gisa erabili zuen urtarrilean. Urtea hasi bezain pronto, NBEko auzitegiko fiskalak epai bat lotu zuen Haririren atentatuarekin, eta ondorioz, Hezbolako parlamentariek dimisioa aurkeztu eta Saad Hariri hondoratu zuen krisi politikoa hasi zuten.
Martxoaren 8an Haririren gobernukideek hitzarmena hautsi eta bost hilabetez hutsik egon da Legebiltzarra. Ekainaren 13an iritsi zen Mikati telekomunikazio enpresaria boterera, Hezbolaren adar politikoaren babes zuzenarekin.
Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohiaren hilketa Hezbolari leporatu dio NBEk
Erakundeko batzorde berezi batek egin du akusazio akta, eta iritzi kontrajarriak sorrarazi ditu Beiruten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu