AEB-etako hauteskundeak

Rahm Emanuel izango da Obamaren kabinete burua

Orain arte Ordezkaritza Ganberako demokraten talde parlamentarioko buru izan den Rahm Emanuel izango da Obamaren administrazioko kabinete burua. Bill Clintonen agintaritza garaian Etxe Zuriko aholkularia izan zen. Urtarrilaren 20tik aurrera, Barack Obamari aholkatzea eta sail desberdinak kudeatzea izango dira bere eginbeharrak.

2008ko azaroaren 7a
12:16
Entzun
AEBetako hauteskunde presidentzialetan garaile atera eta hiru egunetara, AEBetako lehendakari hautetsi Barack Obamak baieztatu du Rahm Emanuel Ordezkaritza Ganberako demokraten talde parlamentarioko burua izango dela bere kabinete burua, honen oniritzia jaso ondoren.

Obamaren esanetan, "kabinete burua izendatzea giltzarria da lehendakariarentzat eta administrazioarentzat programa martxan jartzeko". Etxe Zuriko kabinete buruak lehendakariari aholkatzeko eta sail desberdinak koordinatzeko ardura ditu. Obamak, lan horretarako Rahm Emanuelen gaitasuna azpimarratu du: "Ez dago Rahm Emanuel baino hoberik gauzak lortzeko garaian".

Emanuel Bill Clintonen agintaritza garain Etxe Zuriko aholkularia izan zen eta, hortaz, AEBetako Kongresuko martxaren berri du. Barack Obamaren aliatu sendoa ere izan da. 48 urteko legegilea Aldedi Demokratak izan duen arrakastaren giltzarri dela ere azpimarratu izan da. 2006ko hauteskundeetako Ordezkaritza Ganberako alderdi demokraten kanpaina arrakastatsua ere zuzendu zuen. Estilo zuzeneko liderra dela esan izan dute, baita zenbaitetan zakar samarra ere.

Rahm Emanuelen izendapena Obamaren administrazioko lehenengoa da. Dena den, datozen egunetan beste izendapen batzuk publiko egingo direla adierazi du AEBetako lehendakari izango denak. Hurrengoa, Dirutegiko idazkaria izan daiteke. Lanpostu horretarako, bi izen posible egin dira publiko: Paul Volcker -Erreserba Federaleko lehendakari ohia- eta Larry Summers -Clintonen garaian Dirutegiko idazkaria izan zena-.,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.