Venezuelako oposizioa biltzen duen MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia eta Boris Nemtsov otsailean hil zuten Errusiako politikaria zeuden hautagaien artean, Badawirekin batera. "Sakharov saria Raif Badawiri emanda, Europako Parlamentuak berretsi egin du adierazpen askatasunarekiko atxikimendua oinarrizko giza eskubide gisa; edonon errespetatu beharreko giza eskubidea, salbuespenik gabe", esan du parlamentuko presidente Martin Schulzek.
Badawik "bere ideiak azaldu eta bere herrialdeko arauekiko dudak adierazi" zituela-eta, haren "ausardia" txalotu du Schulzek, gaineratuta "saudiarabiar guztien pentsaera askatasunaren alde" borrokatu dela.
Raif Badawi blogaria mila zigor kolpe jasotzera eta hamar urteko espetxera zigortu zuten iazko maiatzean Saudi Arabian, ziberdelinkuentzia egotzita, baina kondena behin-behinean baliorik gabe utzi zuten, nazioartean egindako kanpaina baten ondorioz. Aurtengo ekainean, Badawiren kontrako zigorra berretsi egin du Saudi Arabiako Auzitegi Gorenak. 2012ko ekainetik dute preso.