urte politikoaren balantzea

Rajoy: "Masek esan zidan ez duela legez kanpoko ezer egingo, eta hala izatea espero dut"

Espainiako gobernuburuak urte politikoaren eta ekonomikoaren balantzea egin du.

Mariano Rajoy, balantzea egiten. ZIPI, EFE
2014ko abuztuaren 1a
12:18
Entzun

Artur Mas Generalitateko presidentearekin egin berri duen bilera hizpide izan du Rajoyk urte politiko eta ekonomikoaren balantzea egitean. Esan duenez, mezu hau igorri zion Masi: "Legea bai, baina elkarrizketa ere bai". Rajoyren arabera, Masek ziurtatu zion ez duela "legez kanpoko ezer" egingo kontsultari dagokionez. "Horrela izatea espero dut".

Konstituzioa aldatzeko aukeraz ere mintzatu da. Dioenez, Konstituzioa alda daiteke, eta dagoeneko aldatu da, baina uste du "zenbait gauza" ez direla aldatu behar; estatu eredua, esaterako. "Konstituzioaren erreforma bat egiten denean, garrantzitsua da jakitea zertarako den, baina norbaitek zerbait planteatu behar duenean, argia izan behar du. Nik esan dut prest nagoela entzuteko eta, arrazoizkoa bada, onartzeko".

Arlo ekonomikoari dagokionez, Rajoyk adierazi du urteko lehen seihilekoak erakusten duela 2014. urtea suspertze ekonomikoaren urtea dela. "Herrialdeak merkatuetan galdutako konfiantza berreskuratu du, eta erakutsi du bideragarriak garela, eta gure konpromisoak betetzen ditugula".

Aurreratu duenez, irailean, oporretatik itzultzean, gobernuak berriz aztertuko ditu ekonomiaren hazkunderako aurreikuspenak, eta horiek hobetzea espero du —oraingo aurreikuspenen arabera, BGPa %1,2 goratuko da, eta langabezia tasa %24,9 izango da—. "Gauzak espero baino hobeto doaz".

Langabeziari dagokionez, ohi bezala uztaileko langabezia eta Gizarte Segurantzaren datuak abuztu hasieran emango dituzte. Rajoyk espero du uztaileko datuak ere joatea azken hilabeteetakoak joan diren "bide beretik".

ETAz, abortuaz, Gazaz...

Arlo ekonomikoa alde batera utzita, beste hainbat alor ere aipatu ditu. Tartean, adierazi du ETAk desegin egin behar duela, "eta kito": "Askotan esan dut, eta uste dut espainiar gehienak bat datozela jarrera horrekin". Gaineratu du hori egiten ez duen bitartean "desegin ez den talde terrorista bat" izango dela.

Abortuaren legearen erreformaz, esan du "ahalik eta adostasun handiena" lortzen ahalegintzen ari dela gobernua.

Nazioarteari begira, berriz, Gazako su-etena "errespeta" dadila eskatu du, eta dei egin du "drama humanitarioa" amaitzeko. "Gazari dagokionez, nire lehentasuna, eta edozein pertsona zintzorena, zera da, su-etena errespeta dadila".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.