2008an, 2009an eta 2010ean gainsoldatak ordaindu zizkien, eskura, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiari. Hala jakinarazi dio gaur Barcenasek berak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari.
Barcenasek epaileari baieztatu dio berak eginikoak direla El País eta El Mundo Espainiako egunkariek PPko gainsoldaten harira argitaratu zituzten agiriak. Halaber, hainbat dokumentu zituen pendrive bat utzi du Barcenasek epailearen esku.
Agiri horien eta Barcenasen gaurko deklarazioaren inguruan galdetu diote Rajoyri gaur, Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin eginiko agerraldi batean. "Zuzenbide estatuak ez du xantaiarik onartzen", ziurtatu du Rajoyk hiru aldiz: "Gobernuko presidentea ezin da egunero atera argitaratzen diren informazio guztiei buruz hitz egitera. Argitaratu diren SMSek berresten dute zuzenbide estatuak ez duela xantaiarik onartzen, eta justizia administrazioak independentziaz jarduten duela".
Berak zuzendutako gobernua egonkorra dela nabarmendu du Rajoyk, oposizioko alderdiek zentsura mozio bat aurkezteko aukeraz galdetuta. Azaldu du Espainia krisi ekonomikotik irteteko bidean dagoela, eta hori egonkortasun politikoari esker ari direla lortzen. "Gobernuak ez dio izkin egingo bere ardurari", erantsi du.