Aurreko astean Heather Neuer AEBetako Gobernuaren eledunak esandakoak zuzentzeko modu bat ere bazen atzokoa: «Gu ez gara sartuko barne auzietan. Sortuko den gobernuarekin edo entitatearekin lan egingo dugu, edozein dela ere», adierazi zuen Neuerrek, iradokiz Kataluniako galdeketaren emaitza onartzeko prest egon zitekezkeela AEBak. Trumpek zuzendu, eta Rajoyk ospatu: igandean Katalunian egingo duten galdeketak ez duela baliorik izango adierazi zuen Espainiako presidenteak Etxe Zuriaren atarian, «gutxieneko bermerik» ez baitu edukiko. «Zalaparta eta buila izango da, baina ez da izango balioa edukiko duen galdeketa bat». Erantsi zuen espero duela orain «etapa berri bat» hasiko dela, «legeari, demokraziari, elkarrizketari eta zentzu komunari» eutsita.
Espainiak, ordea, kritika asko eta askotarikoak jaso ditu azkeneko egunetan, batez ere irailaren 20an Generalitateko goi-kargudun batzuk atxilotu zituenetik. Kataluniako prozesuari buruz nazioartean izan diren erreakzioen erakusle txiki bat da hau:
EUROPA ETA NBE
Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerren adierazpenek sortu dute zalaparta handiena. Joan den astean Euronews katerako elkarrizketa egin zioten, eta han betikoa adierazi zuen: barne arazoa dela Kataluniakoa, eta Espainian indarrean diren legeak eta instituzioak errespetatu behar direla. Baina ñabardura harrigarria erantsi zuen segidan: «Baiezkoak irabazten badu, errespetatuko dugu». Junckerren taldeak, ondoren, ukatu egin behar izan zuen Europak erreferendumaren alde egin zuenik. Baina esandakoak esanda gelditu dira, interpretazioen mende. Gerora ez du beste adierazpenik egin, ez Junckerrek, ez Europak. Bruselako kazetariek ahaleginak egin dituzte, baina Europako bozeramaileek ez dute ahorik gehiago zabaldu auziari buruz. Romano Prodi Europako Batzordeko presidente ohiak bai sinatu du agiri bat, elkarrizketa galdeginez.Nazio Batuen Erakundera ere iritsi da salaketa, Alfred Maurice de Zayas abokatu eta irakasle estatubatuarrak idatzi bat aurkeztu baitu NBEren Giza Eskubideen Batzordean; aditu independentea da Zayas, eta esan du Madril gehiegikeriaz jokatzen ari dela eta autodeterminazio eskubidea oinarrizko printzipioa dela. Junckerri eta NBEri igorri die gutuna, eta esku hartzeko eskatu. Ez du erantzunik jaso. SNP eskoziarreko kide batzuek, bestalde, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteari ere bidali diote gutun bat. Ostiralean, berriz, Europako Parlamentuko 50 kidek onartu zuten agiri bat, Rajoyri esertzeko eta negoziatzeko eta errepresioa bertan behera uzteko eskatuz.
GOBERNUAK
Eskoziakoa izan da Kataluniako galdeketari babes eta sostengu handi eta argiena eman dion gobernua. Nicola Sturgeon lehen ministroak nabarmendu du «autodeterminazio eskubidea nazioarteko irizpide garrantzitsu bat» dela: «Espero dut Katalunian eta mundu zabalean errespetatuko dela. Kezkagarria da herri bati bere borondatea demokratikoki adierazteko eskubidea ukatzea». Eta Flandriara ere iritsi da elkartasun uhina. Geert Albert Bourgeois Flandriako ministro-presidenteak ohartarazi du: «Herrien autodeterminazio eskubidea nazioarteko printzipio bat da. Ezin dut imajinatu Europako Batasunak, balio demokratikoetan oinarriturik, ez duela onartuko».Ezustea Hungariatik iritsi da: Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak joan den astean agertu zuen Kataluniako Generalitatearen aldeko jarrera: «Denok errespetatu behar dugu jendearen borondatea. Hori da gure jarrera». Beste neurri batean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ere sostengatu du herritarrei galdetzeko eskubidea, eta Rajoyri «diktadore» deitu dio zeharka, gogoratuz Venezuelan oposizioari galdeketa egiten utzi ziotela.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, isil-isilik pasatu ditu egunok. Reuters agentziak, haren gobernuko iturri bat aipatuz, dena den, zehaztu du «Espainian egonkortasunak irautea» dela Alemaniaren interesa. Neurtutako erantzuna.