Espainiako Kongresuan PSOEk duen taldeko Diziplina Batzordeak hamabost diputatuei jakinarazi die zigor txosten bat irekiko dietela. Batzorde horretako buru Luis Carlos Sahuquillok gutunak igorri dizkie zigortu nahi dituzten diputatuei.
Zigorraren nolakoa dago erabakitzeko: 200 eta 600 euro arteko isun bana jaso dezakete, baina zigor espedienteari buruzko eztabaidan bestelako zigorrak ere jaso ditzaketela jakinarazi dute sozialistek. Zigor txostena ireki dieten hamabost diputatuek astebeteko epea dute helegiteak aurkezteko.
Rajoyri ezezkoa eman ziotenen artean dago Odon Elorza euskal diputatua. "Beste batzuek hautsitako platerengatik pagatu beharko ote dugu?", galdetu du Elorzak Twitterren. Ezezkoa eman zutenen artean badira bi diputatu independente, eta badirudi zigor txostenak ez diela haiei era berean eragingo.
PSCko diputatu guztiek ere Rajoy inbestitzearen aurkako botoa eman zuten —zazpi diputatu dira—. Kataluniako sozialistek elkarrekin erabaki eta bozkatu zuten Rajoyren aurka, eta PSOE barruko krisia sakondu du horrek.
PSCk batzar bat egitekoa du heldu den asteburuan, eta PSOEk jakinarazi du batzorde federal batean aztertu nahi duela bi alderdien arteko harremana.