Ramadiko futbol zelai batean bonba-auto bat leherrarazi eta 18 haur hil ziren atzo. Irakeko iturrien arabera hori. Ameriketako Estatu Batuek, izan ere, informazio hori ukatu egin zuten. Soldaduek inguru horretan kontrolatuta zegoen leherketa bat egin zutela baina 30 laguni soilik zauri arinak eragin zizkiola zehaztu zuen Pentagonoak. Leherketa futbol zelai baten inguruan egin zutela eta zauritutakoen artean bederatzi haur zeudela jakinarazi zuten, halaber, AEBek. Jeff Pool armadaren bozeramileak haurrak tartean zeuden beste erasoren berririk ez zutela eman zuen aditzera: «Ezin dut imajinatu nire jendea horren berri ez izatea».
Iraken arabera, berriz, 10 eta 15 urte arteko haurrak futbolean jolasten ari ziren bonba-auto bat leherrarazi zutenean.
Bagdaden eta Mosulen izandako erasoetan, bestetik, hogei bat irakiar hil ziren. Etengabeko indarkeriari amaiera emateko asmoz, martxoan nazioarteko konferentzia bat egingo dute Iraken.
AKORDIOA PETROLIOAZ, GOBERNUAN. Irakeko Gobernuak petrolio ekoizpenaren errenten banaketaz lege bat aurkeztuko du aurki. Petrolio legearen proiektuak aurreikusten duenez errentak hemezortzi eskualdeen artean banatuko dira, eskualde bakoitzaren herritar kopuruaren arabera.
Ramadin bonba-auto bat lehertu eta 18 haur hil direla dio Irakek
Pentagonoak umeak hil direla ukatu du; Bagdadek, bestetik, Petrolioaren Lege proiektua onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu