Nazioarteko Zigor Auzitegientzako Mekanismoak ez du ontzat jo Ratko Mladicen defentsak jarritako helegitea, eta indar serbiarren jeneral ohiaren aurkako zigorra berretsi du. Hari bizi osorako espetxealdia ezarri zion 2017an Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak, Bosniako gerran (1992-1995) izaniko rolagatik. Besteak beste, Srebrenicako (Bosnia eta Herzegovina) genozidioaren eta Sarajevoko setioaren erruduntzat jo zuen.
Genozidio bat, lau gerra krimen eta gizateriaren aurkako beste bost. Delitu horien eta beste hainbaten erruduntzat jo dute auzitegiek Mladic. «Egun gutxian 7.000 gizon eta haur baino gehiago hil, eta 30.000 emakume, haur eta adineko baino gehiago lurraldetik indarrez atera zituen eskala handiko operazio ongi antolatu bat jarri zuen martxan Mladicek», adierazi zuen Dermot Groome fiskalak haren aurkako lehen epaiketan. Srebrenicako jazoeraz ari zen.
Fiskaltzaren esanetan, kasu hartan frogatutzat jo zitekeen Mladicek «oinarrizko rol bat» jokatu zuela, baita soldaduek «garbiketa etnikoa» zutela helburu ere. Izan ere, Mladicek zail zuen bere burua defendatzea. 1995eko uztailean, Srebrenicara heldu berritan, argi mintzatu zen telebista kameren aurrean: «Oparitu diezaiogun serbiar Srebrenica serbiar herriari. Turkiarrei [musulmanei] mendeku hartzeko garaia heldu da». Aurrez, Sarajevon, hiria inguratuta zutela, hitz hauek erabili zituen: «Egin tiro Velusicera. Han ez dira serbiar asko bizi». Setioak 10.000 hildako baino gehiago utzi zituen.
Militar ohiak, baina, ez ditu sekula bere gain hartu ekintza horiek, eta bere errugabetasuna defendatu du azkenera arte. «Gezurra da dena. Gezurti batzuk zarete», oihukatu zuen Mladicek 2017ko ebazpena entzutean.
Haren defentsaren esanetan, Mladicek ez zuen bosniaken aurkako genozidiorik agindu, eta «bigarren mailako rol bat» jokatu zuen gerran. Hala, helegitea ezarri zion ebazpenari, militar ohiaren absoluzioa eskatu, eta, halakorik lortu ezean, zigorraren murrizketa edo epaiketaren errepikapena.
Saiakera, baina, alferrikakoa izan da, duela lau urteko ebazpena goitik behera berretsi baitu Nazioarteko Zigor Auzitegientzako Mekanismoak, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiaren kasuak hartu dituenak —2017an itxi zuten hura—, eta ez dago helegite gehiago aurkezteko modurik. Defentsak «ezin izan du inolako ebaluazio akatsik» frogatu, Prisca Matimba Nyambe epaileak argitu duenez.
Era berean, epaileek fiskaltzaren eskaerei ere muzin egin die. Lehen ebazpenari helegitea jarri zion hark, exijitzeko ustez Bosnia eta Herzegovinako beste bost hiritan eginiko genozidioengatik ere zigortzeko; besteak beste, Prijedorren eginikoagatik. Fiskalaren esanetan, 3.000 bosniar musulman eta kroaziar hil edo desagerrarazi zituzten han, eta 50.000 inguru kanporatu.
25 urte eta gero
Mende erdi behar izan dute nazioarteko auzitegiek Mladici behin betiko zigor bat ezartzeko. Jeneral ohia arazorik gabe bizi izan zen Belgraden, 2002ra arte, eta ezkutaturik igaro zituen beste zortzi urte, 2011n Lazarevon (Serbia) atxilotu eta Hagara (Herbehereak) estraditu zuten arte. Orduko Serbiako presidente Boris Tadicek adierazi zuen, atxiloketarekin, «eskualdearen historiaren atal bat» itxi zela, «adiskidetzerako» bidean.
Halakorik gertatzetik urrun daude, ordea. Oraindik ere, Mladicen inguruko oso iritzi ezberdinak daude eskualdean. Serbiar askorentzat injustuko zigortu dute jeneral ohia, eta euren herriaren defendatzaile gisa irudikatzen dute. Bosnia eta Herzegovinako presidentetzako —serbiar, bosniak eta kroaziar banak osatzen dute— buru Milorad Dodiken hitzetan, esaterako, auzitegiek «kriminal» gisa erakutsi nahi dute Mladic. Zerbait «onartezina», haren arabera: «Herrien arteko konfiantzarik eza indartuko du».
Kontrara, musulmanek presidentetzan duten ordezkari Sfik Dzaferovicek nabarmendu du Mladic «gerra kriminal» gisa gogoratuko dela «mundu zibilizatuan». Era berean, Srebrenicako Amak elkarteak ere ontzat jo du ebazpena, NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Michelle Bacheletek egin bezala: «Nazioarteko justizia sistemak, horretarako behar den denbora kontuan hartu gabe, ardurak bermatzeko duen determinazioa erakusten du».