katalunia

Raxoik "ezerezera ihes egitea" leporatu dio Masi

Espainiako gobernuburua Bartzelonan izan da. Generalitateko presidenteak "Kataluniako herriaren borondatea" errespetatzeko eskatu dio.

2012ko urriaren 27a
20:02
Entzun

Kataluniako Parlamentuak duela hilabete Generalitateari datorren legealdian autodeterminazio galdeketa egiteko eskatu zionetik gaur izan da lehen aldiz Katalunian Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua, eta Artur Mas Generalitateko presidentea izan du kritiken jomuga. "Krisiaren aurrean errenditzea", "erantzukizunak uztea" eta "ezerezera ihes egitea" egotzi dio.

Raxoiren arabera, "oso tristea da zerbitzari publiko batek aitortu izana ez duela legedia beteko". "Entzuteko, hitz egiteko eta negoziatzeko" jarrela duela esan du Espainiako gobernuburuak, eta Masi leporatu dio irailean biek itun fiskalaz egindako bileran "dena edo ezer ez inposatu" nahi izatea. "Nik ez dut nahi inori nire ideiak inposatzerik, baina alderantzizkoa ere ez dut nahi".

Masek erantzun dio errespeta dezala "Kataluniako herriaren borondatea". PPren ustezko jarrera aldaketa berandu datorrela esan du. "Orain badirudi gehiago hitz egin behar dela diotela. Lastima lehenago esan ez izana, guk denbora askoan eskatu izan genuelako", adierazi du, Gironan.

Raxoi Bartzelonan izan da, PPren jardunaldi batzuetan, eta babesa eman dio Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeetako PPren presidentegai Alicia Sanchez Camachori —azaroaren 25ean izango dira bozak—. "Mas serio doa bere proiektuarekin", azaldu du Sanchez Camachok. "Haustura zibila gerta daiteke. Hauteskundeetan, beraz, Espainiaren batasuna eta katalanen bizikidetza egongo dira jokoan".

Espainiako presidenteak esan du ez dela hausturarik izango, "ez zatiketarik, ez borrokarik. Katalunia Espainia da, eta Espainia katalanena ere bada. Bereizita, denok galtzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.