Portugal

Rebelo de Sousa kontserbadorea aukeratu dute Portugalgo presidente

Boto eskubidea dutenen %51 abstenitu dira, eta eman dutenen %52k babestu dute Rebelo de Sousa. Hala, ez da bigarren bueltarik izango.

2016ko urtarrilaren 25a
07:42
Entzun

Gobernu sozialista izan arren, presidente kontserbadorea izango da aurrerantzean ere Portugalen. Marcelo Rebelo de Sousak irabazi zituen atzo presidentetzarako hauteskundeak, eta Antonio Costa sozialistarekin batera izango da boterean. %51ko abstentzioa izan zen bozetan, eta botoa eman zutenen %52ren babesa lortu zuen 67 urteko gizonezkoak. Bigarren bueltarik ez da izango, gehiengo absolutua lortu duelako. Gobernuan dagoen alderdi sozialistaren gertuko Antonio Sampaio da Novoa gelditu da hauteskundeetan bigarren postuan, botoen %23rekin.

Kolore desberdinekoa izanagatik, gobernuarekin elkarlanean aritzeko borondatea azaldu zuen Rebelo de Sousak, bozen emaitzen berri izan osteko aurreneko prentsaurrekoan. "Portugal berregiteko garaia da", adierazi zuen; "krisiak larriagotu zituen injustiziak konpondu behar ditugu". De Sousak ez du legeak egiteko eskumenik; baina legebiltzarrak onartutako legeei betoa jar diezaieke, hauteskundeak iragar ditzake, eta legebiltzarra bera ere desegin dezake.

Antonio Costa lehen ministroak zoriondu egin du De Sousa, eta "leialtasuna eta erabateko elkarlan instituzionala" eskaini dio. Costaren alderdiak ez zuen ofizialki presidentegai bat bera ere babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.