Reggio Calabriako Udala desegin du Erromak, mafia sartu delakoan

Italiako Ministroen Kontseilua ikerketa batean oinarritu da; lehen aldia da gisa horretako neurria hartzen duenaLombardiako aholkulari bat atxilotu dute 'Ndranghetari botoak erosteagatik

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Reggio Calabria mafiak josten du, harrapatuta dauka. Udalak kontratatu dituen enpresak, eurenak ez badira, kontrolatu egiten ditu, epaileen aginduz atzeman dizkioten ondasunak kudeatzeraino. Ia ez dago 'Ndrangheta taldearen saretik kanpoko jarduerarik. Ikerketa batek dio hori, eta horretan oinarrituta hartu du Italiako Gobernuak hiriko gobernu kontseilua desegiteko erabakia. Hainbat udalerritako gobernu desegin dituzte mafiaren esku geratu direlako, baina lehen aldia da horrelako garrantzia duen hiri bateko instituzio nagusia ixten ausartu direna. Calabriako hiriburua da, eta 186.000 biztanle dauzka.

Demetrio Arena —PDL Silvio Berlusconiren alderdikoa— eta 30 zinegotzi kargutik kendu dituzte hiria kudeatzeko sistema mafiosoaren parte direlakoan, eta haien ordez ariko dira hiru administratzaile datozen hemezortzi hilabeteetan, udal hauteskundeak egin bitartean. Erabakia gogorra da, «mingarria», baina hiriaren onerako hartu du Italiako Ministroen Kontseiluak ikerketa aztertu ondoren, Annamaria Cancilleri Barne ministroak jakinarazi duenez. Badaezpadako neurria da, mafiarekin zer-nolako harremana dagoen frogatu bitartekoa.

Gobernua horrelako erabaki gogorra hartzera bideratu zuen txostenak 250 orri dauzka, eta ez du zehazten 'Ndrangheta udalean infiltraturik dagoen, edota mafiaren ekintzetarako beste bitarteko bat den. Baina argi uzten du udalak ez duela batere intentziorik izan taldearen eragina kontrolatzeko. Azken bi urtetako obra publiko gehienak, esaterako, enpresa susmagarriek egin dituztela esaten du, eta nabarmendu enpresa mistoak —zaborra biltzen duena, besteak beste— mafiak bereganatuta dituztela.

Baina hori gutxi balitz bezala, udalaren jarrera lotsagabeaz ere ari da txostena, udalaren hainbat funtzio mafiaren esku uzteko moduez. Reggio Calabriako gobernuak ez du abokatu propiorik ere, ez izatekotan. Nahiago izan du zerbitzu horiek kapoen gertuko abokatuen esku utzi, eta areago, mafiarekin lotutako atxiloketetan kendutakoak eurei itzultzeko modu sistematikoa eraikia dute.

Reggio Calabria Italiaren hegoaldean dago, botaren puntan, eta 'Ndrangheta Italiako mafia talde boteretsuenaren sorlekua da, mundu zabalean hedatuak dituen operazio guztien bihotza. Cosa Nostra baino botere handiagoalortu duela diote adituek, eta munduko erakunde kriminal handienetakoa bilakatu dela. Kokaina trafikoa du diru iturri nagusia, estortsio eta dirua zuritzearekin batera, baina jarduera orori egiten dio ongietorria, besteak beste, inguruko eraikuntza negozioa kasik berea eginda dauka.

Reggio Calabriatik iparraldera edo atzerrira lan bila doazen etorkinak erabiltzen ditu bere lan zikinenetarako, eta sistema politiko ustelduaren laguntza ezinbestekoa dauka.

Legezkotasuna

Hain zuzen, herria legezkotasunera itzultzeko hartu du Italiako Gobernuak erabakia: «Herritarrek nahi duten bezala, eskualdeak legezkotasunarekin konpromisoa izan dezaten nahi dugu, legeriarik gabe ez baitago garapenik», Annamaria Cancellieriren ustez. Lanak ez dirudi, ordea, erraza. Reggio Calabriako gertakariarekin bat Domenico Zambetti atxilotu dute, Lombardiako gobernuko aholkularia. 'Ndranghetari 200.000 euro ordaintzea leporatu diote bera aukeratzeko 4.000 botoren erostearen truke. Berari eta bere alderdiari emandako boto bakoitzaren truke 50 euro. Silvio Berlusconiren PDL alderdikoa da hori ere.

Giancarlo Abelli PDL Askatasunaren Herriko diputatu aukeratu zutenean ordezkatu zuen Lombardiako aholkulari lanetan Zambettik. Abelli, berriz, Pasquale Zappia eta Pino Neri kapoekin lotzen dute, botoen salerosketan aritu izanagatik hori ere. Baina Abelli ez dago inputaturik beste asko ez dauden bezala.

Milandik 20 kilometroraPaderno Dugnanokozaharren egoitzan aukeratu zuten Pasquale Zappia 'Ndranghetako Lombardiarako buruzagi, duela hiru urte. Urriaren 29an egindako bilera haren grabazioa eta beste 40rena erabili zuten duela bi urte inoiz 'Ndranghetaren kontra egin den kolperik gogorrena abiatzeko. Bilera hartan Zappia aho batez izendatu zuten han zeudenek, Domenico Opedissano, Pino Neri eta Vincenzo Mandatari kapoek, besteak beste. Horiek denak atxilotu zituzten, beste 320 bat pertsonarekin batera. Ia 200 Lombardian atxilotu zituzten, eta gainerakoak, Calabrian.

Baina eredu horizontalean babesten diren buruzagiak ditu taldeak, familietan sortzen diren ondorengoetan, eta erraz berregituratzeko modua dauka. Calabrian sortutakoen oinordekoak dira Lombardian indar hartu dutenak; Calabriako familia ahaltsuen eskuetan dago eraikuntza sektorea, iparraldean espekulazio burbuilari etekin ederra atera diote, baita modu eskuzabalean emandako baimenei ere.

Lega Nordeko diruzainak Erromako kongresuan duen bulegoan The Family izeneko karpeta bat aurkitu zuen Poliziak, 'Ndranghetako kideak ere barneratzen dituen askotariko familia, hain zuzen, eta tartean Berlusconiren bazkide izandako politikari ahaltsuak. Italiako lehen ministro ohiak esan du ez duela berriz aurkezteko asmorik, gobernuak legezkotasunaren garrantziaz ohartarazi baino egun bat lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.