Hamasei hilabeteko isiltasunaren ondoren, zorigaiztoko desagerpenari erantzuna emango diotelakoan daude, joan den astean, Afrikako Reunion irlan hegazkin baten hegal zati bat aurkitu ondoren. Najib Razak Malasiako lehen ministroak baieztatu du topatutako arrastoak MH370 hegaldiarenak direla: "Nazioarteko adituen taldeak baieztatu du hegazkin aztarnak MH370 hegaldiarenak direla", adierazi du telebistan. Azaldu du hegazkina Indiako ozeanoaren hegoaldeko punturen batean erori zela, eta gogorarazi gobernuak uste hori zuela iaztik; orain "froga fisikoak" daude.
Frantziak, ordea, ez du guztiz bat egin Malasiaren baieztapenarekin. Zuhurtzia azaldu du Parisko fiskaltzak eta hondakinak desagertutako hegazkinarekin izan daitezkeenaren "uste handiak" dituztela onartu du, baina hipotesia ziurtatzeko ikerketa osatu behar dela gehitu du. Serge Mackwiak fiskalak ikerketa "ahalik eta azkarren" amaitzea espero dutela esan du, "familien onerako".
Frantziako eta Malaysiako adituez gain, Boeing enpresako langileak eta Txinako ordezkariak Tolosara (Okzitania) bertaratu dira, ikerketa lanak egiten ari diren lekura. Ikerketak bi ardatz izan ditu hasieratik: Reunionen aurkitutako zatia MH370 hegaldiari dagokion argitzea, eta, hala bada, hegazkinaren azken uneen inguruko informazioa jaso ahal izatea.
Esperantzara kondenatuak
Haserre daude MH370 hegaldiko biktimen senideak. Ezer gutxi aldatu zaie ikuspegia azken egunetako albisteen aurrean; eta berriz ere, desinformazioa salatu dute. Pekinen, Malaysia Airlines konpainiari informazio gehiago emateko eskatu zioten atzo bere ofizinaren aurrean. Eta Malasiako lehen ministroak egindako baieztapenaren ondoren, ikerketa gehiago eskatu dituzte, sinesgarritasun falta egotzita.
Mesfidantza eta sinesgaiztasuna alde batean, eta esperantza bestean, shock egoeran daudela adierazi dute. “Ez dut sinesten Malasiako gobernutik datorren informaziorik” dio desagertutako bidaiarietako baten semeak, Jiang Huik.
Galdera ugari eta erantzunik ez dute izan luzaroan, baina informazio ofizialik jaso ez izana salatu dute eta erakundeekiko gaitzespena adierazi. Senideek ez dute agintari, erakunde edota Malaysia Airlines konpainiarengandik inongo informazio ofizialik jaso. “Interneten eta sare sozialen bidez informatu behar izan naiz” argitu du ama galdu zuen gazte batek. “Ez da hau gertatu zaigun lehen aldia. Itxaron egin nahi dut, ea Txinako gobernuaren azken adierazpenek zer dioten”.
“Ez dut sinesten aurkitu dutenik. Urtebete baino gehiago pasatu da. Aurkitzeko gai baziren, dagoeneko aurkituko zuten aspaldi. Zergatik orain, eta zergatik hondakin zati txiki bat besterik ez?”, salatu du Cheng Liping biktimetako baten emaztearen amak. “Sinesten ez dudanez, ez dut gehiegi pentsatzen horren inguruan, eta bere inguruko albisteek ez dute gehiegi eragiten nire aldartean” azpimarratu du senarra galdu duen beste emakume batek.
Gertaeren kronologia
Martxoak 8: Boeing 777-200 hegazkinaren desagerpenaren berri ematen du Malaysia Airlinesek. Bilaketa lanen operazioa martxan jartzen dute.
Martxoak 14: Hegazkinak norabidea Indiako Ozeanorantz aldatu zuenaren hipotesia kaleratzen dute.
Martxoak 20: Australiak MH370 hegaldiaren ustezko hondakinak aurkitzen ditu Indiako Ozeanoaren hegoaldean.
Martxoak 24: Hegazkinak itsasoan istripua izan zuela iragartzen du Malasiako lehen ministro Najib Razakek.
Martxoak 25: Satelite baten bidez, hegaldiaren azken ibilbidea Indiako Ozeanoan izan zela baieztatu ondoren, Malasiako Gobernuak bilaketa lanak gelditzen ditu Asian.
Apirilak 4: Bi itsasontzik miaketa lanak hasten dituzte ur azpian; bata australiarra eta britainiarra bestea.
Apirilak 5: Kutxa beltzen detektagailudun patruila-ontzi txinatar batek, seinale bat jasotzen du.
Maiatzak 21: Australiako Freemantle portutik abiatzen da ontzi txinatar bat, itsasoaren sakonera neurtzeko bilaketetarako zehaztutako eremu jakin batzuetan.
Maiatzak 29: Emaitzarik ez itsasoko bilaketetan.
Urtarrilak 29: MH370en desagerpena istripu moduan deklaratzen du Malasiak.
Uztailak 29: Afrikako Reunion irlan, Australiatik hurbil, hegazkin baten hegal zatia aurkitzen dute. Ikerketa bati ekiten diote MH370 hegaldiari dagokion ziurtatzeko.
Abuztuak 5: Hondakinak desagertutako hegazkinarenak direla iragartzen du Malasiako Gobernuak. Frantziako Fiskaltzak “susmo handiak” dituela baina “hipotesia konfirmatzeko” dagoela aitortzen du