Rif, matxinadaren hazia ereiten

Martxoaren hasieraz geroztik, Marokoko Rif eskualdean protestak egiten ari dira, Rabateko agintarien aldetik jasaten duten bazterketa salatzeko; gobernuak indarrez erantzun du, eta protestak indartu ditu horrek.

Rifekiko Elkartasuna taldea Rabaten errepresioaren aurka protesta egiten, asteartean, Bilboko Marokoren kontsulatuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Giroa berotuta dagoRifen. Herritarrak kalera atera dira eskualdeak Rabateko agintarien aldetik jasaten duen bazterketa salatzeko eta bizi-baldintzak geroz eta kaskarragoak direla-eta protesta egiteko. Marokoko Gobernuak, baina, militarrak bidali ditu protestak indarrez isilaraztera. Errepresio gogorrak kontrako efektua izan du, eta liskarrak indartu egin ditu. «Espero genuen bezala erantzun du gobernuak: irainduz, manifestariak kolpatuz, jendea atxilotuz eta herritarrak mehatxatuz», salatu du ekintzaile batek.

Bi astetik gora igaro dira Rifeko hainbat hiritan manifestazioak hasi zituztenetik. Rifeko Giza Eskubideen Elkarteak ikerketa abiarazi du liskarrak zerk sortu dituen argitzeko, eta arazoak Baxir Benxaib atxilotu eta gero hasi zirela ondorioztatu du. Iaz herrialde arabiarretako matxinadekin batera Marokoko Gobernuaren aurka protesta egiteko sortu zuten Otsailak 20 mugimenduko eskualdeko ekintzaile ezaguna da Benxaib. Martxoaren 2an, Beni Buayax hirian meskita batetik atera zenean auto batean sartu zuten ekintzailea hainbat lagunen artean, eta eraman egin zuten. Zibilez jantzitako poliziak zirela kontatu dute lekukoek. Egun hartan bertan, hiriko polizia etxearen aurrean hainbat gazte elkartu ziren hura aske uzteko eskatzeko. Biharamunean eman zuen MAP berri agentzia ofizialak haren atxiloketaren berri, eta Polizia 2004tik haren bila zebilela jakinarazi zuen. Talde kriminal bat sortzea, lapurreta armatuak egitea eta edari alkoholdunekin trafikatzea egozten diote.

Atxiloketa hura, baina, protesten lehergarria izan zen. Poliziak Benxaib atxiki eta egun gutxira ekintzailea aske uzteko manifestazioak egiten hasi baitziren Beni Buayaxen, eta, aurki, inguruko beste hainbat hiritara hedatu ziren protestak. Aldarrikapenak, gainera, zabaldu egin dira, eta, Benxaib aske uzteko eskatzeaz gain, bizi-baldintzak hobetzeko ere protesta egin dute. Askok Rifen independentzia ere aldarrikatu dute manifestazioetan. Martxoaren 7an, hain justu, hainbat herritarrek martxa baketsua egin zuten Beni Buayaxetik Ajdirrera. Abd al-Karim al-Khattabi frantziarren eta espainiarren kontrako erresistentziako burua izan zenaren eta gerora herrialdeko buruizan zenaren etxean Rifeko errepublikako bandera jarri zuten manifestariek. Militarrak bidaltzea izan da Marokoko Gobernuaren erantzuna. Matxinada eskualdean zabaltzea saihestu nahian, baina, bultzada eman die protestei.

Eskubideen urraketak

Rifeko Giza Eskubideen Elkarteak egin duen ikerketan, azaldu dute Rabatek «huts» egin duela Rifeko egoera sozioekonomikoa eta kulturala hobetzeko ahaleginean. Horrez gain, egunotan poliziak bortizki jokatu duela kritikatu du elkarteak, eta giza eskubideak urratu dituztela ere salatu du.

Manifestazio baketsuak negar gasekin, ur zorrotadekin eta borra kolpeekin desegin dituztela kontatu dute lekukoek. Bestalde, hainbat etxe eta dendatan sartu dira manifestarien bila, eta parean aurkitu duten guztia suntsitu dutela diote herritarrek. Rifeko Giza Eskubideen Elkarteak herritarren aurka lapurretak egin dituztela ere salatu du, eta herritarrei «irain arrazistak» esan dizkietela.

Dozenaka lagun atxilotu dituzte, eta, herritarren bertsioaren arabera, tartean adingabeak daude. Hainbat kazetari, giza eskubideen aldeko ekintzaile eta manifestari atxilotu dituzte, baina, diotenez, baita protestetan parte hartu ez duten hainbat lagun ere. Bost lagun bakarrik atxilotu dituztela kontatu du MAP berri agentzia ofizialak. Talde kriminalak eta talde armatuak sortzea, nahita suteak piztea, segurtasun indarrei eraso egitea eta besteen ondasunak suntsitzea leporatu diete horiei. Baina beste berri batean Rifeko liskarretan atxikitako 11 lagun askatu dituztela jakinarazi du berri agentzia berberak; horietako bost, adingabeak.

Poliziak gutxienez 70 manifestari zauritu dituela uste da, baina ez da erraza jakitea, zauritutakoak ezkutatuta baitaude. Beldur dira, ospitaleetan atxilotu egingo dituztela eta. Gobernuak, berriz, hogei polizia zauritu dituztela esan du. «Egiaz, inork aldarrikatu gabeko etxeratze agindua ezarri du Poliziak. Errepideetan ere kontrolak ezarri dituzte, eta ia ezinezkoa da herri batetik bestera mugitzea», azaldu du Alhucemas Press albistari digitaleko zuzendariak.

Aldarrikapenak azaleratu

Errepresioak herritarren atsekabea areagotu du, eta aspaldiko aldarrikapenak azaleratu ditu. 1921etik 1926ra bitartean errepublika independentea izan zen Rifekoa, eta beti bazterketa jasan izan du Rabaten aldetik. Mugimendu independentistak berriz ere loratzea saihesteko, eskualdea pobretu zuen Hassan II.a erregeak —Mohamed VI.a egungo erregearen aita eta aurrekaria karguan—, eta hezkuntzan ereerabat ezabatu zituen berbereen hizkuntza eta kultura. Errepresioaren aurrean, eskualdea garatzea eskatzen duten hainbat elkarte sortu ziren, baita independentziaren aldekoak ere.

Mohamed VI.a egungo Marokoko erregeak hainbat keinu egin dizkie Rifeko biztanleei. Hara egin zuen lehen bisita ofiziala, eta herritar askok bazterketa urteak amaitu zirela pentsatu zuten orduan. Hezkuntza publikoan ere berberera hizkuntza txertatzea onartu zuen, baita telebistan zenbait eduki hizkuntza horretan emititzea ere. Seme-alabei Rifeko jatorrizko izenak jartzeko baimena ere eman die gurasoei. Baina horiek guztiak keinuak besterik ez dela uste dute herritar askok, eta oraindik ere baztertuta daudelako kexu dira.

2008an, Marokoko Amazig Alderdi Demokratikoa «legez kanpokotzat» jo zuen Mohamed VI.ak, Alderdien Legea urratzen zuela ebatzita. Alderdiko buruek, baina, Rabat hartzen ari ziren indarren beldur zela diote, eta matxinada piztuko zela-eta kezkatuta zirela agintariak. Egunotan, berriz piztu zaio kezka Marokoko Gobernuari, eta Hassan II.ak emandako erantzun berbera eman du: errepresioa. Horren aurrean, baina, herrialde osoan Rifeko herritarrei elkartasuna adierazteko manifestazioak egin dituzte, eta are gehiago handitu dute Rabatek matxinada bat sortzeko aukerari dion beldurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.