Casablancako Helegite Auzitegiak ordu txikietan eman du epaia. Hirak al-Xaabi mugimenduko kideen kontrako epaiketa irailaren 12an hasi zen eta bederatzi hilabeteren ostean etorri da sententzia. Guztira 323 urteko kartzela zigorrak. Nasser Zafzafi mugimenduko buruari eta beste hiru kideri hogei urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete. Gainontzeko zigorrak urtebete eta 15 urte artekoak dira. Defentsaren abokatuek "injustutzat" jo ditu zigorrak eta helegiteak jarriko dituztela aurreratu dute.
Rifen 2016. urtearen bukaeran piztu ziren protestak. Urteetan pilatutako amorrua azaleratu zuen gertakizun bat izan zen matxinadaren abiapuntua: Mouxine Fikri gaztearen heriotza. Fikri urte hartako urriaren 26an hil zen. Poliziek kaian erositako arraina kendu zioten eta zabor kamioi batera bota. Gaztea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten, eta hantxe bertan hil zen, zanpatuta.
Amazigak kalera atera ziren orduan bazterketa historikoa salatzeko. Marokoren errepresioa, baina, itzela izan da. Hirak mugimenduarekin bat egin duten ehunka gazte atxilotu dituzte hilabeteotan eta setio egoera ezarri dute hirietan. Manifestazioak debekatuta daude.