Rio de Janeiroko poliziek grebara deitu dute inauterien atarian

Bi mila funtzionariok deitu dute greba; agintariek erran dute lehen egunean ez duela erantzun handirik izan

Erredakzioa
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Inauterietarako astebete falta dela, grebarako deia egin dute Brasilgo Rio de Janeiro estatuko suhiltzaileek eta poliziek. Lan baldintzak hobetzeko eta soldata igotzeko eskatzen diote gobernuari, Bahia estatuko lankideen eskakizunarekin bat eginez. Jadanik hamabi egun egin dituzte suhiltzaileek eta poliziek greban Bahian. Iturri ofizialen arabera, horren ondorioz indarkeria igo da: 135 hildako izan dira. Hori da, hain zuzen, orain gobernuaren beldurra, Rion ere Bahiako grebak eragin duen segurtasun falta sortzea nazioarteko milioika turista hartzen dituzten inauterietan.

Ortzegun arratsean erabaki zuten Rioko bi mila funtzionario inguruk atzotik aitzinera greba deitzea. Bertzeak bertze, gutxieneko soldata 1.536 eurora igotzeko eta Benevenuto Dalciolo suhiltzailea askatzeko eskatu dute. Dalciolo herenegun atxilotu zuten Bahiatik bueltan zetorrela, hango protestetan parte hartu ondoren. Rio De Janeiroko Polizia Militarreko buruak adierazi du atzoko egunean grebak parte hartze eskasa izan zuela. Lanean ziren polizien kopuruaren murrizketa oso txikia izan zen, Frederico Caldas koronelaren arabera. Sergio Simoes Defentsa Zibilerako idazkari eta suhiltzaileen komandanteak azaldu duenez, berriz, armadak 14.000 soldadu prest ditu Rio de Janeiro estatuan polizia lanak egiteko eta Polizia Militarreko 300 kide suhiltzaile lanetan aritzeko.

Oraindik greban Bahian

Bahian, berriz, polizia militarrek greban jarraitzea erabaki dute, Salvador hirian bilkura egin ondotik. Bahiako gobernadore Jacques Wagnerrek hurrengo hiru urteetarako soldata %17 igotzea proposatu die, baina poliziek ez dute onartu. Bahiako Parlamentuan itxialdia egiten ari ziren 300 grebalarik amore eman zuten herenegun, eraikina mila soldaduk inguratuta zeukatela. Atxilotutako hamabi kide aska dezaten eskatzeko sartu ziren eraikinean. Dilma Rousseff presidenteak, ordea, ezezko borobila eman zion eskariari, istiluak sortzea egozten baitiete polizia horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.