Brasil

Rio de Janeiron 25 pertsona hil dituzte Polizia operazio batean

Jacarezinho txabola auzoan izan da operazioa, bart gauean. Poliziak ukatu egin du sarraskia izan dela, eta «protokolo guztiak» bete dituztela defendatu du.

Polizia Rio de Janeiroko Jacarezinho txabola-auzoan, atzo. ANDRE COELHO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 7a
09:30
Entzun

Azken bost urteetan hildako gehien eragin dituen Polizia operazioa izan da bart Rio de Janeiroko Jacarezinho txabola auzoan egin dutena. Droga trafikoarekin lotutako operazio bat zen; iturri ofizialen arabera, zehazki adingabeak delituak egiteko errekrutatzen zituen ustezko sare baten aurkakoa. Orotara 25 hildako eragin ditu, tartean polizia bat.

Lekukoek euren telefonoekin grabatutako bideoetan, tiro hotsak eta oihuak entzuten dira. Jacarezinho bertako hainbat herritarrek salatu dute gau osoan ezin izan dutela etxetik atera operazioaren ondorioz. AI Amnesty Internationalek eta Brasilgo Giza Eskubideen Batzordeak salatu egin dute gertatutakoa. «Bidegabekeria» izan dela gaitzetsi du AIk, eta, beste behin, sarraskia txabola auzo batean gertatu dela: «Erabat onartezina da segurtasun indarrek Jacarezinhon gertatutakoak bezalako giza eskubideen urraketa larriak egitea txabola-auzoetan, non herritar gehienak beltzak eta pobreak diren».

Poliziak, ordea, defendatu egin du operazioa, eta adierazi du «ondo antolatua» izan dela, eta Auzitegi Gorenak ezarritako «protokolo guztiak» bete dituela. Iturri ofizialek argudiatu dute txabola auzoetan droga trafikatzaile taldeek «gerrillen taktikak» baliatzen dituztela, eta arma astunak erabiltzen. «Kriminalak ziren, gaizkileak, hiltzaileak eta trafikatzaileak. Poliziak hiltzen ahalegindu ziren, eta ez genuen erasoari erantzun beste aukerarik izan. Tamalez, gure kide bat ere hil egin dute, eta horrek tristura handia sortzen digu».

Rodrigo Oliveira poliziaburuak operazioa kritikatu dutenen aurka jo du, eta egotzi die «ekintzailetza judiziala» bultzatzea. Haren esanetan, Gorenak debekatu egin zituen halako operazioak pandemia garaian, «salbuespen kasuetan» izan ezik. «Gaizkile horiek langileen seme-alabak erakartzen dituzte, eta gure ustez hori salbuespen kasu argi bat da».

Oso bestelako iritzia du, ordea, AI nazioarteko erakundeak. Hark salatu du Poliziak baduela ustezko delitugileak atxilotzeko eskumena, baina ez «epaitu gabe inor exekutatzekoa».

Ikerketa

Rio de Janeiroko fiskaltzak iragarri du ikertu egingo duela bart Jacarezinhon izandako operazioan Poliziak «gehiegikeriarik» egin ote duen. Fiskaltzak berak aitortu du komunikabideen eta sare sozialen bidez jakin duela operazioaren ondorioen berri.

Segurtasun Publikorako Ikuskatzaileen Sareko kide Silvia Ramosek salatu du mendeku operazio bat izan zela: «Ez zen inolaz ere ondo antolatua egon. Polizia bat hil zuten unetik, mendeku operazio bat bilakatu zen hura. Nortzuk dira hildakoak? Gazte beltzak. Horregatik hitz egiten dute 24 susmagarriz, nahikoa delako gaztea eta beltza izatea eta txabola auzo batean bizitzea susmagarri bilakatzeko».

Lekukoen arabera, segurtasun indarrek kamioi batean eraman zituzten gorpuetako gehienak. «Gerra eremua zirudien auzoak. Tiro hotsak ziren nagusi, eta helikopteroak ikus zitezkeen non nahi», azaldu dio AFP agentziari bere izena eman nahi izan ez duen auzoko batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.