mundua

Rios Montt diktadoreari jarritako zigorra baliogabe utzi du Guatemalako Konstituzionalak

Genozidioagatik eta gizateriaren kontrako krimenengatik 80 urteko espetxe zigorra jarri zion auzitegi nazional batek jeneral ohiari, baina, orain, konstituzionaleko bost epaileetatik hiruk defentsaren helegitearen argudioak onartzea erabaki du. Apirilaren 19tik erabakia hartu zen egunera, maiatzaren 10era, egindako saioak errepikatu behar direla erabaki du.

2013ko maiatzaren 21a
11:11
Entzun

Latinoamerikan, lehen aldia izan da presidente ohi bat auzitegi nazional batean epaitzen dutena genozidioagatik, baina epaitzea eta jarritako zigor hori betetzea beste kontu bat dela erabaki du Guatemalako Auzitegi Konstituzionalak, oraingoz behintzat, gutxienez, prozesua luzatzea lortu baitu Jose Efrain Rios Montt diktadorearen defentsak. Hiru epailek eman diote arrazoia jeneral ohiaren abokatuek jarritako helegiteari; bik kontra egin dute. Konstituzionalak gehiengo estuz erabaki du, baina, beste aukera bat ematea: epaitu zuen auzitegiko bi magistraturen aurka kexua agertu zuten diktadorearen abokatuek prozesua geratzeko, eta konstituzionaleko magistratuek erabaki dute kexu horiek ez zirela bere garaian aztertu. Horregatik, arbuiatzeak aurkeztu zituzten egunetik erabakia hartu zenera egindako saioak, hau da, apirilaren 19tik maiatzaren 10era egindakoak errepikatzea erabaki dute.

Jose Efrain Rios Montten kontrako zigorra, beraz, baliogabe utzi du konstituzionalak. Gizateriaren kontrako krimenengatik eta genozidioagatik jarri zioten 80 urteko kartzela zigorra. Epai hori bertan behera uzteaz gainera, berarekin batera epaitu eta absolbitu zuten Jose Rodriguez jeneral erretiratuak berriz ere agertu beharko du epailearen aurrera. Zerbitzu sekretuetako buru izandakoa da Rodriguez. Noiz eseriko diren ez dute erabaki, ordea, eta denbora garrantzitsua da. Rios Monttek 86 urte dauzka.

Militarren presioa handia izan da honaino heltzeko. Guatemalako Militar Beteranoen Elkarteak mehatxu egin zuen herrialdea geraraziko zuela, Rios Montten erabakiak aurrera eginez gero. Militarrek enpresarien babesa dute, eta botere izugarria Guatemenalan.

Ixil indigenen genozidioa

Maiatzaren 10ean auzitegiak ondorioztatu zuen diktadoreak gobernatu zuen garaian, 1982 eta 1983 artean, armadak ixil indigenen %5,5 hil zituztela eta Rios Montt krimen horien "erantzulea" izan zela.

Epaiketak iraun bitartean han egon ziren ixil indigenak. Sarraskitik bizirik irtendako 84 pertsonaren testigantzak bildu zituen fiskalak, eta haietako batzuek epailearen aurrean eman zuten sufritutako torturen berri. Arrazakeriaren biktima izan zirela esan zuen epaiak: «Bizirik iraun zutenek kalte psikologiko larria jasan zuten. Horrek euren garapenean eragin du, euren seme-alabak baldintzatu ditu, eta belaunaldi osoei egin die kalte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.