"Ustelkeriaren aurkako" jarrera eskatu, eta "birsortze demokratikorako" sei baldintza ezarri dizkio Ciudadanosek PPri, Mariano Rajoy PPren presidentegaiaren balizko inbestiduran haren alde bozkatzeko. Rajoyk inbestidurarako hitzordua ezarri dezala ere eskatu du Albert Rivera Ciudadanoseko buruak, prentsaren aurrean egin duen agerraldian.
Ciudadanosek ezarritako baldintzen artean daude ustelkeria leporatzen dieten politikariak gobernuan ez egotea eta ustelkeria kasuak ikertzeko batzorde bat sortzea. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatu ostean, Rajoyren inbestiduran "ezezko botoa" emango zutela esan izan du Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak. Azken asteotan, lehen itzulian ezezko botoa ematea eta bigarrenean abstenitzea erabaki du Ciudadanosek, Espainiaren gobernagarritasuna "jokoan" dagoelako.
Ciudadanosen babesa ez luke aski Rajoyk, Espainiako Gobernuko presidente izateko: 32 diputatu ditu Ciudadanosek, eta 137 PPk; presidente izateko, 176 diputaturen babesa behar du PPren hautagaiak. PSOEren abstentzioa eskatzen du Ciudadanosek, baina sozialistek berretsi dute "ezezko botoa" emango diotela Rajoyri.