Lehen bozketa nahikoa izan du Roch Wamytan hautagai independentistak Kongresuko presidentetzarako beharrezko babesa lortzeko. Hala, laugarrenez hartuko du kargua buruzagi independentistak. Emaitza garaipen handia izan da Frantziako banatzearen aldekoentzat; izan ere, lehen aldiz, euren esku izango baitituzte gobernuko eta parlamentuko buruzagitzak. Aldiz, kolpe gogorra jaso dute loialistek, independentziari buruzko hirugarren erreferendumerako lau hilabete falta direla.
«Pozik nago», esan du Wamytanek, bozketa amaitu eta minutu gutxira. Haren alde bozkatu dute 26 ordezkari independentistek eta EO Ozeaniako Esnaldia alderdiko hiruk. Aldiz, loialisten artean banaketa izan da nagusi. Frantziaren menpe jarraitzearen aldekoek bi hautagai aurkeztu zituzten, baina bakar batek ere ez zuen beharrezko babesik lortu.
UNI Independentziarako Batasun Nazionala ere gustura agertu zen lortutako emaitzarekin. Alderdiko buru Jean-Pierre Djaiweren esanetan, abenduan egitekoa duten erreferendumak ekarriko duenaren «aurrerapen bat» da gertatutakoa.