Myanmar

Rohingyen aurkako "genozidioa" amaitzeko eskatu dio Gambiak Myanmarri

Bigarren Mundu Gerra amaituz geroztik Nazioarteko Justizia Auzitegira heltzen den hirugarren genozidio kasua da rohingyena. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak defendatuko du gaurtik Myanmarko Gobernua.

Myanmarko Gobernuko kide Aung San Suu Kyi, gaur, Hagan, Nazioarteko Justizia Auzitegian. KOEN VAN WEEL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 10a
13:25
Entzun

Igandean heldu zen Hagara Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna eta Myanmarko Gobernuko kidea —Energia, Atzerri eta Hezkuntza Ministerioak zuzentzen ditu, eta Estatuaren aholkularia ere bada—. Akusazioaren aulkian, berriz, Gambiako Gobernuaren ordezkaritza bat eseriko da —rohingyak bezala, musulmanak dira Gambiako herritar gehienak—.

Auziaren hasieran, Gambiako ordezkaritzak Rohingyen aurkako "genozidioa" amaitzeko eskatu du: "Hilketa hauek zentzugabeak direla esateko besterik ez dugu eskatzen. Gure kontzientzia astindu duten ankerkeriazko ekintza horiek gelditu behar ditu. Bere herritarren aurkako genozidioa gelditu behar dute"

Lehen aldia da herrialde batek beste baten aurkako salaketa aurkezten duela Nazioarteko Justizia Auzitegian, eta II. Mundu Gerraz geroztik hirugarrena genozidio baten inguruko salaketa bat Hagaraino heltzen dena. Gambiako Justizia ministro Aboubacarr Tambadouk rohingyen errefuxiatu guneetara egindako bidaia baten ondotik etorri da salaketa. Tambadouk Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegian ere lan egin zuen hainbat urtez, eta orduan ikusitakoan oinarrituta jarri zuen Myanmarko Gobernuaren aurkako salaketa.

Denboran atzera egin beharra dago salaketaren zergatia azaltzeko. 2017ko udan, "eraso terroristak" argudiatuta, Myanmarko Gobernuak operazio militar bat jarri zuen martxan, eta, haren ondorioz, 700.000 rohingya inguruk ihes egin behar izan zuten Bangladeshera. "Etnia osoa edo zati bat suntsitzen ahalegindu ziren, talde hilketak, bortxaketak eta bestelako sexu indarkeria erabiliz eta baita euren herriei su emanez, inor etxe barruan egonik ere", dio akusazioaren txostenak.

Hasina Begumen lekukotza ere jasotzen du txostenak; bera izan zen ihes egin zuenetako bat: "Gauza horiek egin zizkidaten, niri eta nire senideei. Aurpegira esango die, begietara begiratuz; ez diot gezurrik". Bera ere Hagara joana da, beste bi biktimarekin batera. "Ondo sentitzen naiz. Myanmarko militarrek emakume asko bortxatu zituzten. Nazioartearen laguntzarekin justizia lortuko dugu".

Myanmarren, ordea, bestelako iritzia du gehiengo budistak. Auziaren hasiera baliatuz, milaka lagun elkartu dira hiriburuan, Suu Kyiren alde. Askok uste dute epaiketa herrialdearen aurkako eraso zuzena dela, eta rohingyen aurka egin ziren operazio militarrak "beharrezkoak" zirela herrialde babesteko. Hain zuzen ere, hori bera izango da Suu Kyiren abokatu taldearen defentsaren oinarri nagusia.

Behin-behineko neurriak

Luze joko du auziak Hagan, eta bien bitartean behin-behineko neurriak eskatu ditu Gambiak, gutxiengo musulmanaren egoera okertu ez dadin eta haien eskubideak errespetatzen direla bermatzeko. Horiek onartuko balira, lotesleak izango lirateke bi aldeentzat, eta NBEko Segurtasun Batzordea arduratuko litzateke gainbegiratzeaz.

Eskatutako neurrien artean daude rohingyei mugitzeko askatasuna bermatzea, Rajine eskualdera giza laguntza bidaltzeko "beharrezko ez diren oztopoak" kentzea eta etnia horretako kideen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten praktikak amaitzea. Horrez gain, Gambiak kalte-ordainak ere eskatu ditu, baita errefuxiatuen itzulera ahalbidetzea ere.

Dena den, Nazioarteko Justizia Auzitegia ez ezik, Nazioarteko Zigor Auzitegia ere gizateriaren aurkako krimenak egin ote ziren ikertzen ari da. Aipatzekoa da bertako fiskal nagusia, Fatou Bensouda, Gambiakoa dela. Hala ere, Myanmarren aurkako prozedura bat abiatu ahal izateko, NBEko Segurtasun Kontseiluak eskaera bat aurkeztu beharko luke, herrialdea ez baita Zigor Auzitegiko kide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.