Romneyk Obamak baino babes ekonomiko handiagoa dauka

Venezuela eta Kubako presidenteak AEBentzat «arrisku handia» direla adierazi du hautagai errepublikanoak

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ekonomia da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako bozen kanpainaren gai nagusia. Herritarren kezka nabarmenena izateaz gain, finantzaketa AEBetako Alderdi Demokrataren eta Alderdi Errepublikanoaren kanpainetako ardatza bihurtu da. TheNew York Times egunkariaren arabera, 2012ko presidentetzarako hauteskunde kanpaina historiako garestiena izango da. Barack Obama AEBetako presidentea ekonomikoki ondo babestuta dagoen arren, errepublikanoen hautagai Mitt Romney hobeto prestatu da egunkariaren arabera.

Romneyren diru iturri nagusiak haren menpeko enpresa pribatuak dira. Dirua lortzeko, bi hautagaiek Super PACs izeneko enpresek, sindikatuek edota partikularrek emandako dirua biltzeko taldeak erabili beharko dituzte. Hain zuzen ere, Bain Capital Romneyren kanpaina finantzatzen duen enpresen inguruan polemika piztu da, negozio txikiagoak xurgatu eta suntsitu dituelako. Obamak Romneyren finantzaketa iturri horien aurka egin du kanpainan. Dena den, Obamak ere partikularren diru iturrietara jo beharko du Romneyri aurre egiteko.

Horrekin batera, Romneyk errepublikanoen primarioak erabili ditu kanpaina egiteko. Datorren astean Texasko primarioetan presidentetzarako errepublikanoen hautagai bihurtuko da, eta, aurretik, LAC Latinoen Koalizioaren aurrean mintzatu da latinoen botoak bereganatzeko, eta esan du Hugo Chavez Venezuelako presidentea eta Raul Castro Kubakoa «arrisku handia» direla AEBentzat.

Herritarrak, erdibituta

Ekonomia da AEBetako herritarren kezka nagusia, eta, inkesten arabera, bi hautagaiak berdinduta daude horretan, boto asmoa %47 baita bientzat. Oro har, Obamak %49 lortuko lituzke, eta Romneyk, berriz, % 46. Bestalde, abortuaren aldekoen kopurua nabarmen jaitsi da AEBetan, berdin bi alderdi nagusietako jarraitzaileen artean. Aldiz, kontrazepzioen aldekoak %90 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.