Bertsolari Txapelketako finaleko bi finalisten antza izan zezaketen asteazken gauean Barack Obama eta Mitt Romney hautagaiek; estatubatuar erara, hori bai: arranoa eta Estatu Batuetako bandera bien gaineko pantailan, eta indarrean dagoen konstituzio zaharrenaren pasarteak bizkarrean. Dena dela, badute zer ikasia euskal bertsolariengandik, esan baitaiteke hizjario xaloa izateko erraztasuna eta soltura falta izan zitzaiela. Beste batzuetan bezala, Jim Lehrer telebista aurkezlea izan zuten gai-jartzaile lanetan.
Obamari hainbatek egotzi diote segurtasun falta adierazi izana, maiz bideratu baitzituen begiak beherantz, mantsoago hitz eginez eta isiluneak tartekatuz; Romney segurtasun handiagoarekin ageri zen, eta arrapaladan botatzen zituen esaldi eta datuak. Romneyri, behin baino gehiagotan, zehaztasun falta egotzi diote; horri buelta emateko, zifraz josita taularatu zen, bada.
Eztabaidaren aurreko hiru egunetan erretiratu egin ziren telebistako buruz burukorako prestatzeko, nor bere entrenatzaile propioarekin. John Kerry 2004ko hautagai demokrata izan da Obamaren prestatzailea, eta Rob Portman Ohioko senatariak lagundu zuen lan horretan Romney errepublikanoa.
AEBetako hauteskunde kanpainan, arerio nagusi biek kolpe eta ukalondokadak jo dizkiote elkarri telebistako plazan izan den lehen saioan. Ados jarri dira komunikabide nagusietan manera gogorrei buruz, baita txapela Mitt Romney hautagaia dagokiola ondorioztatzerakoan ere.
Ekonomia izan zen gai nagusia, eta presidentetza eskuratzeko lehendabizikoz aurkezten den hautagai errepublikanoak bazirudien buruz ikasiak zituela bai datuak, baita horiek kantatzeko oinak ere; kolpez kolpe aritu baitzen Obamaren agintaldiko zifrarik kaskarrenak azaleratuz. Kanpainan behin eta berriro izan du hizpide osasun erreformak ekarri duen kostua, baita gisa horretako politikek herrialdeak «Espainiaren egoerara» eramaten dituztela adierazi ere. Obamak izkin egin nahi izan zien kolpeoi, argudiatuz garrantzitsuena ez zela «nondik abiatzen garen, norantz abiatzen garen baizik» .
'American way of life'
Ameriketako Estatu Batuak izanik, gisa horretako ekitaldietan ezin falta da abertzaletasunezko alarde sutsurik. Beren nazioaren historia laburraren abiapuntutzat daukate XVIII. mende bukaerako konstituzioa, non bertako hiritarren «askatasuna» den gairik garrantzitsuena.
Betaurreko zeharo ezberdinekin irakurtzen dute, ordea. Obama hautagai demokratak gogorarazi zuen «askatasuna» dela edozein estatubatuar hiritarren eskubide nagusia,norbere ekimenez sortu eta lan egiteko askatasuna. Baina «badira, halaber, elkarrekin hobeto» egin daitezkeen gauzak, eta horretarako, ezinbesteko deritzo Gobernu Federalak inbertsioak egiteari hezkuntza eta osasunean, gizarte kualifikatuagoa izateko etorkizunean. Romneyk ere «bizia eta askatasuna» jarri zituen AEBetako konstituzioaren xede nagusitzat: «Guztiok gara eta Sortzailearen haurrak», enpresari mormoiaren iritziz. Beraz, «guztien eskubide eta beharrak zaindu behar dira, baina baita norbanakoek beren ametsak gauzatzeko duten eskubidea ere». Askatasunaren defentsa inbertsio militarrarekin lotu zuen, politika militarista hori bermatzeko tresnatzat erakutsiz.
Abertzaletasun ekonomikoa
Eredu neoliberalenaren barruan, nolabaiteko giza eskubide unibertsalen eta berdintasunaren aldeko keinuak egitea garesti ateratzen ari zaio Obamari. «Abertzaletasun ekonomikoa» eskatu du kanpainan, izpiritu solidario bat sustatu nahian.
Baina bere ekonomiaren barruan merkatu librerik bortitzena jartzen duen nazioko presidentea jopuntu erraza da kritika jarioarentzat. Handi geratuko ote zaion saioa Obamari, ikusi egin beharko da. Dena den, orain arteerakutsi da gisa horretako aurrez aurrekoak ez direla erabakigarriak, eta gehiengoa alde dauka Obamak, inkesten arabera, azaroaren 6an egingo dituzten hauteskundeetarako.
AEBetako hauteskundeak. Aurrez aurreko eztabaida
Romneyren alde
Romney atera da garaile hautagai bien arteko lehendabiziko aurrez aurrekoan, analisten eta inkesten arabera«Askatasuna» izan dute hizpide batak zein besteak; modu arras ezberdinean, baina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu