Romneyren amets amerikarra

Errepublikanoek hispanoen botoa erakarri nahi izan dute Batzar Nazionalaren azken egunean

Arnaitz Lasarte.
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Iritsi da unea azken lau urteetako desilusioak atzean utzi, eta AEBetako promesa betetzeko». Hala adierazi du Mitt Romneyk,presidentetzarako errepublikanoen hautagai izatea onartu ostean. Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionalean hitz egin duten guztiek bezala, azaroaren 6an bere aurkari izango den Barack Obama AEBetako presidentearen aurka mintzatu da hitzaldian. Batez ere, haren kudeaketa ekonomikoa kritikatu du Romneyk. Esan du Obamak bete ezin izan dituen promesak beteko dituela berak, eta herrialdea egoera ekonomiko larritik aterako duela.

Izan ere, AEBetako ekonomia indartzea da errepublikanoen apustua. Eta horretarako, 12 milioi lanpostu sortzeko plan bat egin dute. Romneyk azaldu duenez, bost puntu ditu plan horrek: 2020rako Ipar Amerikak independentzia energetikoa izatea, hezkuntza erreformatzea, merkataritza sustatzea, enpresariei laguntzak bermatzea eta negozio txikiak babestea. Horiek izan dira ekonomia berpizteko planaren inguruan eman dituen azalpen guztiak. Paul Ryan presidenteordegaiak lehenago iragarritakoa nabarmendu du: klase ertainari ez dizkiotela zergak igoko.

Batzarreko mezu gehienak gai ekonomikoei buruz izan badira ere, azken egunean hispanoengan jarri dute arreta berezia. Izan ere, AEBetan gero eta hispano gehiago daude, eta historikoki demokraten aldera joan izan da sektore horren botoa. Duela lau urte, esaterako, hirutik bik egin zuten Obamaren alde. Hainbat inkestek diote kopuru horrek gora egingo duela aurtengo hauteskundeetan.

Hispanoen botoen garrantzia ikusirik, jatorri kubatarreko Marco Rubio senatariren presentzia indartu dute. Berak aurkeztu du Romney, oholtzara igo aurretik. Horrez gain, presidentegaiaren seme gazteenak ere espainieraz hitz egin du bere aitari buruz: «Badaki amets amerikarra lortzea helburu duen immigranteen herrialde bat garela. Badaki nola elkartu AEBak».

Beste bideo bat ere eskaini dute, jatorri hispanoa dutenen botoa erakartzeko. Bertan, alderdiko buru hispanoak ageri dira, herrialdea indartzeko haiek duten garrantzia goraipatzen. Bideoari amaiera Romneyk eman dio: «Hispanoek promesa hutsak baino gehiago merezi dituzte».

Batzarrean ez zuten aipamenik egin errepublikanoek onartu berri duten immigranteen aurkako proposamenaren inguruan. Izan ere, kontserbadoreenen ideiakgailendu dira programaren alor horretan ere. Arizona eta Alabama estatuetako legeak zabaldu nahi dituzte herrialde osoan. Legez kanpoko immigranteek «borondatez» alde egiteko haien bizitza zailtzea da hango legeen helburua. Gainera, Justizia Departamentuak immigrazio legeen aurka jarritako salaketak bertan behera uztea eskatuko dute. Horrez gain, diru laguntzak kendu nahi dizkie unibertsitate batzuei, etorkinei eta AEBetako herritarrei ikasketak prezio berean eskaintzeagatik.

Eastwood, Romneyren alde

Batzarraren azken eguneko protagonistetako bat Clint Eastwood aktorea izan da. Obamari zuzendutako bakarrizketa bat egin du: «Herrialdea gurea da, politikariak gure langileak dira. Eta norbaitek lan egiten ez badu bota egin behar da». Haren ustez ere iritsi da unea herrialdea Romneyren eta Ryanen eskuetan uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.