Hala, Roquetaseko bizilagun askok jazotakoarekin haserre daudela agertu dute, eta protesta egin dute Guardia Zibilaren egoitzaren aurrean.
Bestalde, Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok Espainiako Kongresuan agerraldia egitea eskatu du, kasuari buruzko azalpenak emateko.
Barne Ministerioak nabarmendu duenez,beste talde parlamentarioekagerraldia egiteko eskaera formala Kongresuan aurkeztu baino lehen erabaki du Alonsok azalpenak ematea .
Barne ministroak adierazi du “malgutasunik gabea” izateko “konpromiso sendoa” hartzen duela, funtzionario publikoek har ditzaketen “legez kontrako jarrerak” eragozteko. Gaineratu du Guardia Zibilaren kuartelean gertatu zena argitzeko egingo duten ikerketaren “bukaeraraino” iritsi artean, uneoro present egongo dela.
Bularrezurra hautsita
Autopsia egin ondoren, gaur ehortzi dute Roquetasen Guardia Zibilaren kuartelean hil zen Juan Martinez Galdeano. Autopsiak agerian utzi du hil aurretik jipoi handia jaso zuela —40 kolpe handitik gora zituen gorputzean, organo asko lesionatuta, eta bularrezurra hautsita—, eta litekeena dela jipoi horrek eragitea heriotzera eraman zuen arnasaren eta bihotzaren geratzea.
Uztailaren 24an hil zen Martinez Galdeano. Trafiko liskar bat izan zuela eta, bere kabuz joan zen Guardia Zibilaren kuartelera, eta handik hilotz atera zen. Guardia Zibilak emandako azalpenen arabera, alkoholemia egingo ziotela esan ziotenean, oso urduri jarri zen eta inguruko guztiei kolpeka hasi zen. Horregatik, hainbaten artean heldu eta atxilotu egin behar izan zutela agertu zuen Guardia Zibilak. Ondoren, bigarren “nerbio krisi” bat izan zuela agertu zuten, eta egoera horrek eragin ziola bihotzekoa.
tratu txarrak
Roquetaseko atxilotuaren jipoian zerikusia izan dezaketen 9 guardia zibil behin-behinekoz lanetik kendu dituzte
Espainiako Defentsa Ministerioak epe baterako lanetik kendu ditu Roquetas del Marreko (Andaluzia, Espainia) kuarteleko bederatzi guardia zibil, atxilotu baten jipoiketa eta heriotzean zerikusia izan dutelakoan. J.M.R. tenientea sei hilabeterako baztertu du eta gainerako zortziak hiru hilabetez. Barne Ministerioak, berriz, espedientea ireki die bederatzi guardia zibil horiei —tenientearen kasuan bigarrena da—. Juan Martinez Galdeano 39 urteko nekazaria hil zen uztailaren 24an Roquetaseko kuartelean, eta autopsiak agerian utzi du jipoi handia jaso zuela eta litekeena dela haren ondorioz hiltzea. Gaur ehortzi dute Martinez Galdeano, eta ondoren, herritarrek Guardia Zibilaren aurkako oihuak egin dituzte kuartelaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu