Espainia / Tratu txarrak

Roquetaseko tortura kasua "guztiz salbuespenezkoa" dela esan du Alonso ministroak

Roquetas de Marren (Andaluzia, Espainia) atxilotu batek Guardia Zibilaren esku tratu txarrak jaso eta haien ondorioz hil izana "guztiz salbuespenezko gertakaria" dela esan du Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak. Jazoera horrek Guardia Zibilaren "prestigio historikoa" zabartzen duela erantsi du, eta hori gerta ez dadin eramango dutela azken bururaino ikerketa. Kasua argitzeko "oztopoak" aurkitu dituztela onartu du Alonsok.

2005eko abuztuaren 6a
17:03
Entzun
Espainiako Gobernuak Juan Martinez Galdeanoren hilketari buruzko ikerketa zorrotz eta ardura gutiak argitu arte eramango duela aurrera ziurtatu du Alonsok TVE Espainiako telebista publikoan egin dioten elkarrizketan. Ikerketa zorrotza egitea eta arduradunak zigortzea Guardia Zibilaren mesederako dela erantsi du. "Guztiz salbuespenezkoak diren gertakari horiek ezin dute Guardia Zibilak erdietsi duen prestigio historikoa lausotu", adierazi du.

Orain arte Martinez Galdeanoren heriotzarekin zerikusia dutela uste den bederatzi guardiazibilen kontra Gobernuak erabaki dituen badaezpadako zigorrak "neurrikoak" direla iritzi dio ministroak. Izan ere, ikerketari "oztopoak" jarri zaizkiola onartu du, eta atxilotuak "tratu inhumanoa" jaso zituela adierazten duten zantzu esanguratsuak daudela. Roquetaseko kuarteleko bederatz guardia zibil (teniente bat, zortzi guardia, eta guardia ikasle bat) sei hilabeterako lanetik baztertu dituzte eta espedientea ireki diete. Gainera, Roquetaseko auzitegiak inputatu egin ditu bederatzi guardia zibilak Martinez Galdeanoren heriotzagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.