'Rosetta', bidaiari nekaezina

ESA Europako Espazio Agentziako 'Rosetta' zundak bidaia luzea du; kometa urrun bateraino 7.100 milioi kilometro egin behar ditu. Egunotan, Martera hurbilduta, beste etapa bat egin du.

arantxa iraola
2007ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Martera arrimatu zen igandean Rosetta zunda. Planeta gorria oso hurbil izan zuen, 250 kilometrora, eta bere bidaia luzean --7.100 milioi kilometro egin behar ditu Churyumov-Gerasimenko izeneko kometara heltzeko-- beste etapa bat bete zuen.

Swing-by izeneko teknikaren bidez bidaiatzen ari delako arrimatu zen igandean Rosetta Martera. Izan ere, bidaia luzea du oso, eta planeten grabitatea baliatzen ari da bere bidean norabide aldaketak egiteko eta, abiada handituz joateko. Jira-biraka dabil horretarako. Orain bi urteko martxoan Lurrera arrimatu zen, eta orain berriro Martetik bueltan Lurrera hurbilduko da, bultzadaz bultzada, gero eta abiada biziagoan, helmuga duen kometara heltzeko. Egun handia 2014ko azaroan izango dela uste dute zundaren arduradunek, ESA Europako Espazio Agentziako teknikariek. Txalo artean jarraitu zuten igandean zundak egin zuen operazioa.

Sistema hori erabili ezean zunda jaurtitzeko orduan, 2004ko martxoan bidali zuten zerura, kohete askoz ereindartsuagobat erabili beharko luketela azaldu izan ohi dute adituek. Izan ere, arrunt bidaia luzea du Rosetta-k. Azken aldiz 2009ko azaroan hurbilduko da Lurrera, eta alde egingo du orduan, urrutira. 2011nMarte eta Jupiter artean dauden asteroideak ikertzen egingo du denbora bat. Informazio interesgarria espero dute ikertzaileek.

Handik harago egin eta hibernazio aro bat hasiko du zundak; lo bezala egongo da, Churyumov-Gerasimenko kometa noiz hurbilduko zain. 2014ko maiatzean izango dela pentsatzen dute adituek; orduan bitan banatuko da zunda. Puska bat Philae --ikuzkailu baten antzeko gailua dela esan dute ESAko zientzialariek-- kometari atxikiko zaio, haren ezaugarriak aztertze aldera. Aingura batzuk jarri dizkiote propio Philae-ri, kometari tinko helduta geratzeko, eta ez inola ere askatzeko. Airean geratzen den zunda zatiak, bere horretan, kometa kanpotik aztertzen segiko du, zelatan.

Lanerako atondu dizkioten gailuak primeran dabiltzala esan dute ESAko adituek. Egunotan, esaterako, Martetik hurbil pasatzean kometa gorriaren irudiak igorri ditu Lurrera. Batez ere kometa aztertzeko gailuak atondu dizkiote Rosetta-ri, baina beste hainbat tresna ere baditu, eta horietako batzuk martxan ditu. Denera 21 gailu ditu, eta energia lortzeko Eguzkiaren izpiak baliatzen ditu.



EGUZKI SISTEMA HOBETO ULERTZEKO. Pozik daude ESAko adituak zundaren orain arteko bidearekin,2014a noiz iritsiko zain, irrikan. Izan ere, Rosetta-k helmugara heltzen denean eguzki sistema hobeto ulertzeko gakoak emango dituztela uste dute, eta Lurrean bizitza nola sortu zen ere argitzen lagunduko duela.

Hain justu, kometak eguzki sistemakoobjekturik antzinakoenetarikoa dira, eta haien osaera kimikoa eta egitura aztertzea unibertsoaren jatorria eta bizitzaren hasiera ulertzeko erabakigarriak izango direla pentsatzen dute aditu askok. Hala Churyumov-Gerasimenko kometarekin bat egitean Rosetta-k Lurrera bidaliko duen informazioa irrikaz aztertuko dute. Antzina urrunena irudikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.