Zientzia

'Rosetta' helmugan da

Europako Espazio Agentziak lortu du espaziontziak duela hamar urte hasiriko bidaian mugarria egitea: kometa baten orbitan jiraka dabil.

Osiris kamerak ateratako Rosettaren irudia. ESA / HANDOUT
arantxa iraola
2014ko abuztuaren 6a
13:19
Entzun

Rosetta espaziontzia orain hamar urte igorri zuen zerura ESA Europako Espaziorako Agentziak, eta gaur mugarria egin du bidean:  67P/Txuriomov-Gerasimenko deituriko kometaren orbitan sartu eta harekin jiraka jarri da. Azarorako espero dute hurrengo une handia misioko arduradunek. Philae zundak —espaziontzian doa— aingura botako du, eta ukitu egingo du, lehenengoz, izotz eta hautsezko astro bat: izarren hautsa.

Eguzkira hurbiltzen ari da orain kometa, eta bidean dituen antzaldaketak bertatik bertara jarraitu ahal izango dituzte ESAko adituek espaziontziak —kameraz eta sensorez josita dago— igorriko dituen datu ugarien bitartez. Hitz lauz esplikatu nahi izan dute ESAko arduradunek zeinen garrantzitsua den Rosetta espaziontziaren misioa. Hara Joel Parker zientzialaria: «Orain arteko kometetako misioak gau bateko kontuak izan dira; Rosetta, aldiz, harreman luze baterako izango da hor». Kometak aski astro garrantzitsuak direla oroitarazi dute; Eguzki Sistema sortu zen garaitik —orain dela 4.600 miloi urte— apenas aldatu direla uste dute astronomoek, eta, beraz, hastapen garai hartako aztarnak direla, hura zer izan zen ulertzeko zinetan garrantzitsuak. 

Badira areago egiten duten ikertzaileak ere: zenbait adituk diote kometek ekarri zutela bizitza Lurrera, eta, beraz, bizitzaren jatorriaren gakoak ere badirela zuzi horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.