brasil

Rousseffek plebiszitua iragarriko du Diputatuen Ganberaren babesik gabe

Konstituzioaren erreformaren oinarriak ezarriko dira urria baino lehen deituko den plebiszituarekin; mobilizazioak ez dira baretu.

2013ko ekainaren 26a
14:14
Entzun

Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak astelehenean proposatu zuen erreforma politikoa. Hastapenean Batzar Konstituziogileen bitartez egin nahi zuen hori, baina askotariko sektoreekin bildu ostean, plebiszitura deituko duela jakinarazi du. Joaquin Barbosa Brasilgo Auzitegi Goreneko presidenteak Rousseffen proposamena babestu du: “Ezin da erreforma politiko bat egin Konstituzioa ukitu gabe”.

Ekainaren 6an hasi ziren manifestazioak herrialdeko hainbat hiritan, eta datozen egunetarako mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Zerbitzu publikoen hobekuntza eta ustelkeria kasuen amaiera aldarrikatzen dute, besteak beste, eta aldarrikapen horiekin bat egin dute sindikatuek. 

Aloizia Mercandante Hezkuntza ministroaren ustez, ez dago Batzar Konstituziogile bat egiteko denborarik, eta, Diputatuen Ganbera kontra dagoenez, plebiszitua da alde guztiek bat egiteko aukera bakarra. 2014ko urrian egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak, eta ordurako neurriak indarrean egotea nahi dute.

Oposizioko alderdi nagusiek ezezkoa eman diote proposamenari. Plebiszitu batera deitzea eta Konstituzio erreforma bat egitea Kongresuaren eskumena dela esan, eta bide orri bat proposatu dute.

Herritarren parte hartzearen alde

Mercandantek adierazi du plebiszituaren bitartez herriak aukera izango duela erreformaren edukiekin bat datozen edo ez erabakitzeko: “Herriaren parte hartze handia izango duen erreforma politiko bat nahi dugu”.

Barbosak ere herritarren parte hartzea defendatu du, alderdi politikoen esku hartzea gutxitu eta herriaren presentzia handitzeko proposamenak eginez: herritarrek beren ordezkariak zuzenean aukeratzea eta horien agintea baliogabetzeko eskumena izatea. Erreforma politikoa egiteko parlamentua ez beste bide alternartibo batzuk bilatu behar direla gaineratu du, hamabost urte baino gehiago erreformaz eztabaidatzen aritzeak “erreforma honetan interesik ez duela” argi uzten baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.